Gaur, bai. Atzo, Getxon (Hondarribia), lehia estua izan zuten Hondarribiak eta Donostiarrak, eta, azkenean, Donostiakoek astindu zuten bandera. Gaur Lekeition (Bizkaia), ordea, Mikel Orbañanosen mutilek ez zuten nahi gauza bera gertatzerik: buruz buruko ikusgarria jokatu dute Urdaibairekin, eta banderak ez die ihes egin. Horri esker, lehen postua sendotu du Ama Guadalupekoa-k.
Hamabi ehunenen aldea izan dute biek. Azken ziabogan, hiru segundoren abantaila zuen Hondarribiak, baina barruranzkoan olatu gehiago hartu ahal izan ditu Urdaibaik. Irabazlea erabakita zegoela zirudien, baina epaileek ababorrera bidali dute Bou Bizkaia, helmugarako 300 metro falta zirela, eta Hondarribiak aukera baliatu du.
Azken sei estropadetatik lau irabazi dituzte berdeek, eta tarteak zabaltzen ari dira sailkapen nagusian: 111 puntu ditu Hondarribiak, 108 Donostiarrak, 104 Urdaibaik, eta 96 atzean geratzen ari den Oriok. Gainerakoei alde handia ateratzen die: 62 ditu Kaikuk, bosgarren sailkatuak.
Sailkapenaren beheko aldean, Santurtzi izan da asteburuko galtzaile argia. Bi estropadetan azken postuan amaitu du Sotera-k, eta, lehen aldiz, jaitsiera postuetan dago. Ondarroa atera da haietatik. 39 puntu ditu Lekittarrak, 35 Ondarroak, 34 Santurtzik eta 31 Aresek.
Laugarrena jarraian Oriok
Euskotren Ligan, berriz, ez da horren estua izan lehia: Orio nagusitu da, eta baieztatu du indartsuena dela azkenaldian. Laugarren garaipena du jarraian, eta jada lau punturen abantaila diote sailkapen nagusian Arraun Lagunari. Sei jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta, erabakita ez dagoen arren, kolore horia hartzen ari da liga.
Gaurko estropadan, hasiera-hasieratik hartu du aurrea San Nikolas-ek. Ziabogara heltzerako, hamar segundoren abantaila zuen; bederatzi atera dizkio helmugan Arraun Lagunaki.
Sailkapenaren goialdean zabaltzen ari dira tarteak, baina, beheko aldean estutzen ari dira. Gaur, beste behin, Tolosaldeak aurrea hartu dio Donostiarrari, eta bi puntura dago sailkapenean.