Lan merkatua

Lan merkatua indarra galtzen hasi da

Ekainean baino 357 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian, baina aurreko hilabeteetako erritmoa apaldu egin da. Afiliatuak galdu dira, urte hasi zenetik lehen aldiz.  

Lanbide enpleg zerbitzu publikoko bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 2a
10:49
Entzun

Neke sintomak ageri ditu Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Langabeziak beherantz jarraitzen duen arren, ez da ari aurreko hilabeteetan bezain indartsu. Inflazio handiaren eragina nabari da enpleguaren sorreran, eta datozen hilabeteetako bilakaerari adi begiratzen diote enpresek eta lanean daudenek, baita lanik topatu ezinda dabiltzanek ere.

Uztaileko datuak ez dira onak izaten, baina kezka nagusitzen hasi da. Eragile ekonomiko eta politikoen artean gehien zabaltzen ari den mezua da urte amaierara arteko bilakaera bestelakoa izan daitekeela: hots, langabeziak jaisteari utz diezaiokeela. Zenbatean eta zein erritmotan gertatuko den, hori inor ez da ausartzen iragartzera. Gora egingo duela inork ez du esan nahi.

Hori bai, urte hasieran egindako hazkunde aurreikuspenak berrikusten hasiak dira erakunde gehienak, urteko bigarren hiruhilekoan izan den geldi txikiaren ostean. Dena den, langabezia tasa azken urteetako apalenetakoa da oraindik ere, eta Gizarte Segurantzan afiliatuta daudenen kopurua pandemia aurrekoa baino handiagoa da; are, 2008an abiatutako serie historikotik handienetan bigarrena.

Langabezia
Behera, baina apalago

Antzeman daitekeen joera aldaketaren erakusle izan daitezke uztaileko langabezia datuak. Laugarren hilabetez jarraian, behera egin du langabeziak Hego Euskal Herrian, baina, aurreko hilabeteekin alderatuta, erritmoa apaldu egin da. Ekainean baino 357 langabe gutxiago zenbatu ditu Espainiako Enplegu Ministerioak, EAEko Lanbide eta Nafarroako Lansare enplegu zerbitzu publikoaren datuetan oinarrituta.

Dena den, ekainean handiagoa izan zen jaitsiera: orduan 2.423 langabe gutxiago izan ziren. Maiatzean 3.566, eta apirilean 2.503. Iazko uztaileko datuekin alderatuta, are agerikoagoa da aurtengo uztaila ez dela izaten ari espero modukoa. Duela urtebete, 4.750 lanpostu sortu ziren: aurten baino 4.413 gehiago. Orduan, baina, turismoak tira egin zuen enplegutik, pandemiarekin lotutako debekuak malgutzearekin batera.

Urte arteko datuei dagokienez, bilakaera ona izan da. Duela urtebete baino 11.241 pertsona gutxiago daude lanik gabe. Herrialdeka, Nafarroak izan du eboluzio onena: %9,32 egin du behera langabeziak urte batetik bestera. Bizkaian %7,34 murriztu da; Gipuzkoan, %6,88; eta Araban, %4,35.

Ekainetik uztailera, berriz, Araban eta Gipuzkoan jaitsi egin da langabezia, eta Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, zertxobait hazi. Araban izan da jaitsierarik handiena; ekainean baino 255 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe: guztira 19.070. Gipuzkoan 218 lagunek aurkitu dute lana, eta denera 29.110 daude langabezian. Nafarroan, aldiz, lanik gabe daudenen kopuruak gora egin du: beste 91 pertsona daude lanik gabe, eta 31.440 dira guztira. Eta Bizkaian 25 lagun gehiago zenbatu dituzte: 63.014 guztira.

Lan kontratuak
Turismoaren itzalean

Uztailean, oro har, 98.090 kontratu sinatu ziren. Kopuru horrek ere erakusten du geldialdia, ekainean baino 13.058 gutxiago izan baitira. Eta, iazko uztailarekin alderatuta, 13.811 kontratu gutxiago egin dira aurten lau herrialdeetan.

Enplegu sorrerari dagokionez, uztaila ez da bereziki ona izaten. Lan kontratu asko —hezkuntza arlokoak bereziki— hil horretan amaitzen dira, eta zerbitzuen sektorean udako kanpainari begira sortzen direnak ez dira aski izaten horiek utzitako hutsunea betetzeko. Hala gertatu da aurten ere, baina arenabarmenago. Izan ere, zerbitzuen sektorean langabeen kopuruak gora egin du ekainetik uztailera: 968 lagun gelditu dira lanik gabe. Eta ezohikoa izaten da hori uztailean. Gainera, aurtengo udan turismoak susperraldi handia izan du.

Beste sektoreetan, berriz, txikitu egin da langabezia, industrian bereziki: 271 lanpostu sortu dira. Nagusiki sektore horrek —zerbitzuenarekin batera— bultzatu du urteko lehen erdian izan den hazkunde ekonomikoa. Baina hilabetetik hilabetera industrian ere gero eta enplegu gutxiago sortzen ari dira.

Kontratu motari dagokionez, 24.951 izan dira mugagabeak, hau da, sinatutakoen %25,4. Ekainean %27,2 izan ziren. Azken lan erreforma indarrean jarri eta aldi baterako kontratazioa mugatu zenetik, asko ugaritu dira kontratu finkoak; izan ere, aurretik %7-8 izaten ziren —konparazio baterako, iazko uztailean %5,5 izan ziren—. Edonola ere, horietako asko aldizkako kontratu finkoak dira, eta ez dute bermatzen urte osoko jardunaldia.

Afiliazioak
Hilabete txarra

Langabeziak behera egin du, baina baita Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileen kopuruak ere. Hilabete batetik bestera, 5.246 afiliatu galdu dira. Uztaila eta batez ere abuztua oso hilabete kaskarrak izaten dira afiliazioari dagokionez, hezkuntzan batez ere milaka lanpostu galtzen baitira udako oporrak hastearekin batera, ikasturtearen hasierarekin itzultzen direnak. Zerbitzuen sektoreak ezin izan du hutsune hori bete. Iazko uztailean, jende asko kontratatu zen ostalaritzan, pandemiaren lotutako debekuak kentzearekin batera. Aurten, aurreko hilabeteetan egin dira kontratu horiek, eta uztaileko hazkundea ez da hain nabaria izan.

Dena den, afiliatuen kopurua oso handia da oraindik, 2008. urtetik handienetan bigarrena: 1.283.071 pertsona. Ekainekoa soilik du aurretik. Urtarrilean hasitako goranzko joera eten da uztailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.