Lehortea
Iparraldeko 102 udalerritan ur murrizketak ezarri dituzte
Eremu berdeen ureztatzeak ordu jakin batzuetara mugatu dituzte, eta herritarrak arduraz jokatzera deitu. Azaldu dute lehorteak arazo larriak ekar ditzakeela ondoko asteetatik goiti jadanik.

Euriterik ezak eta azken asteetako bero handiek eraginik, sekulako lehortea hedatu da Ipar Euskal Herrian eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu osoan. Erraterako, udaberritik, «%30eko euri eskasa» identifikatu da departamenduan, eta «uztaileko hilabetea sekula baino idorragoa» izan dela adierazi du prefetak. Lehorte horrek ur eskas adierazgarriak ekarri ditu Euskal Herriaren hegoaldean eta mendebaldean, eta Orthezen sektorean, batez ere.
Egoerari aurre egiteko asmoz, eta ur edangarriaren aurrezteko, murrizketa neurriekin jadanik ibiltzen ziren 26 herriei beste 76 gehitu zaizkie. Izan ere, guztira, 102 herri dira gaur egun uraren erabilpena mugatze neurriekin kudeatu behar dutenak.
Neurri berriak
Goizean, prefetak prentsa aitzineko bat eman du departamenduko egoera hidrologikoaren inguruan hitz egiteko eta lehorte krisiaren salbuespen neurrien aurkezteko. Eremu berdeen ureztatzearen aldetik, 08:00ak eta 20:00ak artean ureztatzerik ezin izango da gehiago egin; izan dadin baratze, lore multzo edo kirol zelaietan. Bestalde, garbiketa aldetik, ibilgailuen garbitzea ere debekatu dute, partikularrenak profesionalenak bezala, eta, etxe aitzinaldeak, teilatuak eta bide bazterrak ere, adibidez, sail horretan sartuak dira. Aisialdiari dagokionez, etxeetako igerilekuen betetzea debekatua da; igerilekuen berriz heinean ezartzea, aldiz, baimendua da. Bukatzeko, iturri publikoen urez hornitzea ezinezkoa da gaurtik goiti.
Gainera, beharrezkoa den euri hori ez dela eroriko zehaztu dute, ondoko bi asteen aurreikuspen meteorologikoen araberako datuetatik abiatuz.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.