Andoni Egaña - Alaia Martin

Bi ahots errimadun, nor bere doinuan

Irailaren 24an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Getxon. Entseatzen hasia da Alaia Martin, baina, eguna gertu dagoen arren, urruti ikusten du oraindik. Aldiz, hamahiru urte dira Andoni Egañak txapelketak utzi zituela; lehiaren falta baino gehiago, aurreko prestaketarena sumatzen du. ARGAZKIAK: Andoni Canellada / Foku

Alaia Martin eta Andoni Egaña. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 5a
12:36
Entzun

Donostiako Kaxilda tabernako bi aulkitan eserita saiatu dira oroitzen, baina Alaia Martin (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) eta Andoni Egaña (Zarautz, Gipuzkoa, 1961) bertsolariek ez dute lortu gogoratzea noiz aritu ziren elkarrekin oholtzan lehendabizikoz. Hala ere, badakite oholtzan ezagutu zutela elkar, eta oholtzak batzen ditu oraindik ere.

Ate joka dago Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina horrek ez ditu batuko bi bertsolariak. Izan ere, 2009an agurtu zituen Egañak txapelketak, ibilbide luze baten ostean. Martinek, berriz, jokatuko du aurtengoa.


Abuztuan sartu gara, eta bi hilabete besterik ez da geratzen final-laurdenetarako. Nola ikusten duzu txapelketa, Alaia?

ALAIA MARTIN: Gertu dago, baina nahiko urruti ikusten dut oraindik. Batez ere uda giro honetan sartu garelako eta kosta egiten delako burua udazkenean jartzen. Hala ere, ilusioz begiratzen diot; lanean ere orain denboratxo bat hasi nintzen. Orain arte, barne lanean edo gogoetan aritu naiz, batez ere; barrua eta gorputza askatzen, etor daitekeenaren intuizioa eduki ahal izateko. Hasi gara pixka bat taldean biltzen, saioen simulakro txiki batzuk egiten. Hemendik eta urrira arte egiteko dagoen bide gisa ikusten dut oraindik; udazkena luze joateko suertea baldin badut, behintzat, arnasa pixka batekin iritsi nahiko nuke.

Urriaren 1ean duzu lehen final laurdena, Gotaine-Iribarnen.

MARTIN: Talde ederra egokitu zaigu, gainera, saio horretarako.

Ane Labaka, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriartekin kantatuko duzu.

MARTIN: Bai. Berri on bezala hartu dut. Lagunak ditut kideak, plaza askotan izaten ditut kantukide; apartak dira oholtzan jarduteko eta elkarrizketa bat sortzeko. Beraz, gure diskurtso eta tonuekin, uste dut giro ederra sortu daitekeela saio horretan. Gogoz nago.

Bestelakoa da zure kasua, Andoni. «Behien aulkiak aipatzetik behean aulkiak jartzera» pasatu zinen 2009an. Bi txapelketa egin dituzu geroztik harmailetan, eta aurtengoa duzu hirugarrena. Nola bizi duzu hori?

ANDONI EGAÑA: Iragan-min handirik gabe. Behin txapelketetan ibilbide bat egin ondoren esan nion agur, eta nire erabakiz. BECera joan, eta orduan bai, noski, gogoratzen zara bertan izan zarela askotan. Baina, bestela, iragan-minez baino gehiago, jakin-minez bizi dut.

Zeren jakin-mina?

EGAÑA: Interesatzen zait oraindik plazan zer tendentzia egon litezkeen ikustea, nola helduko dieten gaiei, edo ea bakarka estilo berriren bat sortzen den... Noski, oraindik banaiz plazetan dabilen bertsolari bat, eta plazan dabilen bertsolariak elikatu beharra du ingurukoek egiten dutenaz.

Ez pentsa, inbidia puntu bat ere ematen dit txapelketak. Lehiak ez, baizik eta lehiarako prestakuntzak; kideekin elkartu eta entseatzeak. Fase hori garrantzitsua eta ederra izaten da. Begira: aurreko batean, adibidez, Miren Artetxerekin nengoen geldituta Portugaleteko gaztetxeko saio batera joateko, eta deitu nion galdetzeko ea batera joan gintezkeen. «Orain Alaiarekin eta Miren Amurizarekin nago pixka bat entrenatzen», erantzun zidan. Horren falta sumatzen dut gehien.

Joaten zara saioak ikustera?

EGAÑA: Etxetik ikusten ditut saio gehienak, baina finaletara bai, joaten naiz. Saioak nahiago izaten dut etxetik ikusi, hala ez bada ere norberari iruditzen zaiolako begirada guztiak bere kokotean dituela, eta hori ez zait gustatzen. Hala ere, gustatzen zait joatea, kideak entzuteak laguntzen duelako nire garapenean.

Esango zenuke txapelketak aldatu egin direla utzi zenituenetik?

EGAÑA: Gutxien aldatu dena txapelketen formatua dela esango nuke. Gaitegia aldatu da, eta, aurtengoan, espero daiteke are gehiago aldatzea.

Eta ikuslearen profila?

MARTIN: Aldatu, ez dakit aldatu den; gaztetu egingo zen agian, baina ni ere zahartu egin naiz [barreak].

 

"Orain arte, barne lanean edo gogoetan aritu naiz, batez ere; barrua eta gorputza askatzen, etor daitekeenaren intuizioa eduki ahal izateko"

Alaia Martin

 

EGAÑA: Bada, nik uste dut bertsolariekin gertatzen den gauza bera gertatzen dela ikusleekin. Alde batetik, emakume gehiago daude bi aldeetan. Eta, bestetik, adinaren kontua dago. Ematen du zahar pila bat zegoela 1986ko txapelketan, baina ez da hala. Txapelketa horretan nire adineko jendea zegoen harmailetan, eta bertsolariak oso gazteak ziren. Esaterako, Jon Sarasuak 19 urte zituen txapelketa horretan, eta nik 24. 1989koan, berriz, [Xabier] Euzkitze eta Sarasua zeuden, 23na urterekin. 1993an, Unai Iturriaga, 18rekin; 1997koan, Maialen Lujanbiok 21 urte zituen, eta 2001ean, berriz, Sustrai [Colina] sartu zen, 19rekin.

Orain ez da hori gertatzen, ezta?

MARTIN: Ez. Orain, txapelketako parte hartzaileen adinaren batezbestekoa nire adinean dago; 34 urtetan. Ez da batezbesteko gazte bat.

EGAÑA: Egia da irudiek engaina zaitzaketela. Ikusten baduzu 1991ko Gipuzkoako Txapelketako argazkia, esaten duzu: «Horiek zaharragoak ziren oraingoak baino!», baina ez, ez da horrela. Adinaren batezbestekoa ez zen, inola ere, 34 urte.

Bada beste zerbait aldatu dena. Iruñean jokatuko da lehenengoz aurtengo finala.

MARTIN: Gehienok pozez hartu dugun aldaketa bat da hori. Badakigu lurralde historiko bakoitzaren egoera zein den, eta, alde horretatik, finala Nafarroara eramateak uste dut on egin diezaiokeela ingurune horri, Iruñerriari. Oso momentu emankorrean dago hango giro euskaltzalea. Bertakoa da Saioa Alkaiza, aurtengo Nafarroako txapelduna; Laba sortu berri da, gainera. Ez dakit, uste dut bertsolaritzarentzat ederra izango dela, eta, gainera, bi norabidetan izango dela truke ona. Espazioa aldatzeak berak lagun lezake alda litezkeen beste aldagaiak ere aldatzen eta beste argazki bat sortzen.

EGAÑA: Apustu polita da. Ematen du urteak azkar joaten direla, baina orain dela 18 edo 19 urte erabaki genuen Barakaldora joatea. Ziklo horren ondoren, batetik, ondo dator aldaketa hori, eta, bestetik, aukera ideologiko handi bat da Iruñean egitea. Hala, etorkizuneko ateak irekitzeko bide bat izan daiteke, beste urte batean beste leku batean egin ahal izateko; esaterako, Baionan edo Gasteizen.

Dena dela, iaz behar zuen txapelketak. Pandemiak urtebete atzeratu du. Nola eragiten dio horrek bertsolari bati?

MARTIN: Bertsozale Elkartearentzat, mugimendua indartzeko bidean, urtebeteko atzerapena izan da. Hala izan da ekonomikoki ere, iturri hori izoztuta egon baita urtebetez. Bertsolari bezala, uste dut denoi eragin digula, eta, beraz, urtebete atzeratu arren, aurtengo txapelketari ere eragingo diola.

Eta iaz egin izan balitz?

MARTIN: Segur aski, shock eta analgesia egoera oso arraro batean egongo ginateke kantatu ahal izateko txapelketa batek duen intentsitatean.

Beraz?

MARTIN: Bada, uste dut gose handiz hartuko dugula elkartzeko, partekatzeko eta hunkitzeko aukera hori. Mundua lehen ere ez zegoen oso zuzen, baina bereziki hankaz gora dagoenean hanka zola horiei elkarrekin begiratzeak eta elkarri lokarriak lotzen saiatzeak denoi lagunduko digula uste dut. Urtebeteko atzerapen horrek beste indar bat emango digu orain egin behar dugun bide hori egiteko.
 

"Inbidia puntu bat ere ematen dit txapelketak. Lehiak ez, baizik eta lehiarako prestakuntzak; kideekin elkartu eta entseatzeak"

Andoni Egaña

 

EGAÑA: Nik, antolakuntzaren aldetik, ez diot hainbesteko garrantzirik ematen urtebete atzeratzeari. Olinpiar Jokoak iaz egin ziren, urtebete atzeratuta, eta 2024an egingo dira hurrengoak. Lau urte pasatu beharrean, beraz, hiru pasatuko dira bataren eta bestearen artean. Inork planteatu al du hori?

Hala ere, bertsolarien aldetik bai, ikusten dut eragina. Pentsa! Gure agendak ez ziren mugitzen hasi Olatz Peonek esan zuen arte Tolosako inauteriak ospatuko zirela. Horrek esan nahi du gure agendak aurtengo apirilean mugitzen hasi direla, gutxi gorabehera. Bi urtez beste erritmo batean bizi ondoren, ikusi beharko da ea bertsolaria nola dagoen txapelketa batekin tupust egiteko. Horregatik, uste dut ongi dagoela aurtengo udazkenean egitea. Bestela, topa genezake bertsolarien batezbestekoa orain bost urte baino okerragoa. Ez okerragoak direlako, baizik eta ez direlako aritu erritmo berean.

Irudiaren deskribapena

Online saioak ere egin zenituzten itxialdian. Erritmoa gehiago moteldu zizuen horrek?

EGAÑA: Nahiko anekdotikoa izan zen hori. Gutxi egin genituen, baina atentzioa ematen du bertso saio bat horrela egiteak. Oso esperientzia gogorra izan zen: finean, zure etxeko pareta zuri bati begira kantatzea zen, eta, horrela, nekez pizten da zerbait komunikatzeko gogoa.

MARTIN: Bai, nik ere sufritu egin nuelako oroitzapena daukat. Poza ematen zidan bakarra zen bertsokideak berriro ikustea. Horrelako saio batzuk antolatu izanak eta horrek ikusle batzuk bildu izanak erakusten du kultura bera bizitzeko eta pentsatzeko behar dugula. Guretzat erosoa izan ez zen arren, garai polita izan zen jabetzeko zenbat ematen digun giroak, parean daukagunak, usaintzen dugun tenperatura horrek, tabernan dugun elkarrizketak, nola gauden ikusteko termometroak... Hain garai geldo eta geldian, zaila zen sortzea; hutsari kantatzeko modu gogor bat izan zen.

EGAÑA: Pentsa zitekeen, gainera, sortzeko garaian pagotxa zela etxean egote hori. Baina sortzaileontzat ez zen garai emankorra izan; nire ustez, galduegiak geunden nondik sortu jakiteko. Testua eta testuingurua da bertsoa; testu bati testuingurua kentzen bazaio, gaizki aterako da testua ere. Hala ere, online saioetan sufritu egin genuen, baina merezi izan zuen sufritzea: zerbait egin behar zen, eta hori zen egin zitekeena.

 


Pandemia albo batera utzita... Nola dago gaur egungo plazetarako sarbidea belaunaldi berrientzat?

MARTIN: Bada, esango nuke geroz eta zailago dutela. Pandemia garaian, lehendik ere bagenbiltzanok aritu gara gazteagoak baino gehiago. Beraz, ez dut uste gazteentzat erraz dagoenik. Ikusten dudana da belaunaldi berriak indarrez, irizpide finez eta duintasun handiz bide bat egiteko gogoz eta determinazioz datozela. Horren erakusle dira orain egiten ari diren emanaldi berriak. Sortu berri duten eRRe ikuskizun ausarta eta kalitatezkoa, esaterako. Izan dira gazte sariketa batzuk ere azken urtean, eta, agian, sortuko dira horietatik plazatxo batzuk. Baina, uste dut oraindik plazaratzeko zubi hori ez dagoela hain eraikita.

Lehen ere hala zen?

EGAÑA: Ez, baina lehenago bertsolaritzak ez zeukan orain daukan prestigiorik; apenas zegoen bertso eskolarik, eta, beraz, oso nekezak ziren bertsotan trebatzeko bideak. Lehen, zaila zen gazteak abiatzea, baina erraza zen iristea. Gaur egun, abiatzea da erraza, eta iristea, berriz, zaila.

Gogoratzen duzue zuen lehenengo plaza?

MARTIN: Nirea eskolartekoren bat izango zen. Gainera, gogoratzen dut nire anaiak eraman gintuela kotxean [Jon Martin]. Uste dut Urnietan zela saioa, eta Usurbilera eraman gintuela, edo alderantziz.

Badago beste bat maitasun handiz gogoratzen dudana. Ziburun izan zen, sagardo dastaketa bateko saio batean. Karmele Mitxelenarekin aritu nintzen kantuan. Gurasoek eraman gintuzten Hendaiara. Bertan jaso gintuen Amets eta Maddalen Arzallusen amak, eta berak eraman gintuen Zibururaino. Ilusio handiz gogoratzen dut.

 

"Ikusten dudana da belaunaldi berriak indarrez, irizpide finez eta duintasun handiz bide bat egiteko gogoz eta determinazioz datozela"

Alaia Martin

 

EGAÑA: Nik ere gogoratzen dut, noski. Garai hartan ez zegoen bertso eskolarik nire inguruan. Ni kaleko tipo bat nintzen, 18 bat urterekin zeraz ohartu zena: «Hara! Nik hau ondo ez, baina nahiko erraz egiten dut». Orduan, txapelketa batean eman nuen izena, Zarautzen oraindik ere jokatzen den Lizardi sariketan. Hura izan zen nire lehenengo plaza, 1982an, eta txapela irabazi nuen, gainera. Irabazi izan ez banu, atzera egingo nukeen agian, beldurtuta. Oroitzapen laburrak dira, dena dela. Nik jendaurrean lehenengo aldiz kantatu nuenetik nire lehenengo Euskal Herriko finalera hiru urte eta erdi bakarrik pasatu ziren, eta hiru horietako bat soldaduskan egin nuen; Madrilen eta Caceresen [Espainia]. Gaur egun, oso zaila da hori gertatzea.

 

Javier Telleria
 

Zerk zailtzen du?

EGAÑA: Gaur egun bertsolaritzan dagoen kalitateak. Kalitatezko bertsolari pila bat dago, eta horrek zaildu egiten du kalitatezko beste bertsolari batzuk Euskal Herriko finalera iristea.

Eta zuek biak noiz izan zineten elkarrekin oholtzan lehenengoz?

EGAÑA: Zu gogoratzen zara, Alaia?

MARTIN: Ea, utzi pentsatzen...

EGAÑA: Zer urtetan izango zen?

MARTIN: Nik gogoratu beharko nuke; hunkituta egongo nintzen, seguru.

EGAÑA: Eskolarteko txapelketaren bat izango zen. Alaia gaztetxoa zen, eta ni gai jartzaile aritzen nintzen.

MARTIN: Bai, argazkia atera genuen, eta gordeta daukat oraindik.

Lehen aipatu duzue gero eta emakume gehiago ari direla bertsolaritzan. Apenas iritsi den gaur egunera garai bateko emakumeen bertsorik. Andoni, oroitzen duzu noiz aritu zinen lehenengoz oholtzan emakume batekin?

EGAÑA: Bai, noski. Egun jakin bat ez dut gogoan, baina, gure garaian, bi emakume ezagutu genituen oholtzan: Kristina Mardaras, ni baino urte batzuk zaharragoa dena, eta bestea, Arantzazu Loidi, ni baino urte batzuk gazteagoa. Adinkiderik ez. Esango nuke Arantzazurekin partekatu nituela oholtza gehien. Oso ondo egiten zuen bertsotan.

Baina utzi egin zuen bertsogintza.

EGAÑA: Bai. Lehengo gizartea ez zen oraingoa. Oso ondo egiten zuen Arantzazuk, baina bazegoen sektore bat-edo uste bat esaten zuena: «Ederki egiten du, baina ahots mehea dauka: ez da bertsotan egiteko ahotsa», eta horrelako mamu batzuk, akaso zaildu egin ziotenak ibilbidea. Berak beti esan izan du gustura aritu zela mutil artean kantuan. Baina bai, bazegoen halako uste bat zailtzen zuena emakumeen plazaratzea.

Nire kasuan, esanguratsua da haur nintzenetik esparru asko partekatu ditudala emakumezkoekin. Ikastolara joan nintzen, eta umetatik izan gara klasean neskak eta mutilak, UBIn izan ezik. Kirolean ere beti parte hartu izan dut emakumezkoekin. Eta, hala ere, ez ginen konturatzen bertsogintzan ez ginela emakumezkoekin oholtza partekatzen ari.


Gerora, Maialen Lujanbio hasi zen, besteak beste, zure belaunaldiarekin kantuan...

EGAÑA: Bai. Gogoratzen dut noiz kantatu genuen lehenengoz elkarrekin, eta berak ere gogoratzen du. Hondarribian izan zen, 1992ko martxoaren 8an. Ez da kasualitatea bertan egin izana, Emeki emakume elkartekoak izan baitziren antolatzaileak.

MARTIN: Bai, oso gaztetxoa zen Maialen.

EGAÑA: Bai, bai. Guk 30 urte izango genituen, eta berak 16 izango zituen. Hasiera-hasieratik igartzen zitzaion indartsu zetorrela.

Ondoren iritsi ziren plazara emakume gehiago. Horien artean, Alaia.

EGAÑA:Gero eta gehiago dira, eta ederra da hori. Ederra da, nire belaunaldiko bertsolari gizonezkoak interpelatu egiten dituelako horrek.

Zuk nola bizi izan zenuen bertsolaritzan sartzeko bide hori, Alaia?

MARTIN: Ni bertso eskolan hasi nintzenean, emakumezkoak ginen gehienak; hamaseitik hamalau. Nik jarraitu nuen aurrera bide horretan, baina utzi egin zuten horietako askok.

Zergatik gertatzen zen hori?

MARTIN: Sufritu egiten zutelako. Eta sufrimendua errepikatua denean, badira azpiko arrazoi batzuk sustrai horretan: muturreko autoexijentzia, kalitate brutal bat eduki ezean espazio publikoa hartzeko beldurra... Guztiok izan beharko genukeen barregarri gelditzeko eskubiderik ere ez dugu eduki. Niri lagundu egin zidan bertsolari izateari berebiziko garrantzirik ez emateak. Oso perfekzionista izan naiz beti, baina bertsolaritzan ez hainbeste.

 

"Bi urtez beste erritmo batean bizi ondoren, ikusi beharko da bertsolaria nola dagoen txapelketa batekin tupust egiteko"

Andoni Egaña

 

EGAÑA: Hori zure alde da. [Xabier] Amurizak esan zuen behin: «Bertsotan jarduteko, gutxi pentsatu behar du bertsolariak». Egia da. Saioetatik etxera bueltan zure inperfekzio guztietan pentsatzen bazabiltza, gozatu gutxi egingo duzu, eta sufritu asko.

MARTIN: Zenbait girotan eroso sentitzea ez da erraza izan; zaila da bide batean aurrera egitea txikituz joan bada zenekarren autoestimu txiki hori. Horregatik utzi zuten bertsolaritza nire kide izan ziren askok. Beraz, nire bertsokideak gizonezkoak izan dira orain gutxi arte. Horrela bizi izan dut nire bertso bidea ere.

Beste era batera bizi duzu orain?

MARTIN: Bai. Beste inguru batzuk bilatu ditut, feminismoaren olatuari eta nire barne lanketari esker. Horrela, errazago aztertu ditut bidean izandako bihurgune eta joera batzuk, nahi gabe ere oso barneratuta dauzkagunak.

Hamarkada bat izango da agenda plazaz betetzen hasi nintzela, eta orain, gero eta gerri zabalagoarekin sentitu dut neure burua, poz izugarriz hartu baititut gertuan beste kantukide batzuk. Gipuzkoako finalean, adibidez, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Nerea Elustondo bezalako bertsolari puskak. Plazaren erdigunea hartu baino gehiago, erdigunera hurbiltzeko zilegitasun edo ausardia bat sentitu dugula esango nuke. Eta, hain zuzen, konplizitate eta ahizpatasun horrek ahalbidetu digu Ez da kasualitatea bezalako saio berezietan parte hartzea. Artikulazio bat gertatu da horri esker, eta esango nuke aldatu duela bertsolariok bertsolaritza bizitzeko dugun patxada. Ezagutu ditugu genituen beldurrak, jarri dizkiegu izen-abizenak, eta partekatu ditugu. Beraz, sistemikoak direla ikusteak lagundu digu kokatzen eta funtzio bat bilatzen oholtza gainean egin genezakeenari. Ederra izan da hori niretzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.