Katalunia

Bi mosso behin-behinean kartzelatu dituzte tratu txarrengatik

Ostegunean atxilotu zituzten Mossos d'Esquadrako bi kide, barne ikerketa baten ondoren. Pertsona batzuk legez kontra atxilotzea eta tratu txarrak ematea egotzi diete.

Mossoen ibilgailuak, artxiboko irudian. TONI ALBIR / EFE
2022ko abuztuaren 5a
18:45
Entzun

Mossos d'Esquadraren Barne Auzien Dibisioak ikerketa bat hasi zuen iaz, Bartzelonako bi mossok izandako jokaeragatik. Bartzelonako SER irrati kateak jakinarazi duenez, gayek elkartzeko erabiltzen duten taberna batera joan ziren bi mossoak, iazko urte bukaeran —ez dute eguna zehaztu—, iskanbila bat sortzen ari zen pertsona bat atxilotzera, ustez. Hara iritsita, ordea, eraso egin zioten mossoek, irain homofoboak egin, eta, komisariara eraman gabe, kalean utzi zuten, «ea bortxatzen zaituzten» esanda, gainera. Legez kontra atxilotu zuten gizon horrek jarri zuen salaketa, eta mossoek barne mailako ikerketa hasi zuten ondorioz.

Mossos d'Esquadrakoek berek atxilotu zituzten eraso horretan parte hartu zuten bi mossoak, eta epailearen aurrera eraman zituzten —beste lau mosso ere ikertzen ari dira, ea zer parte hartze izan zuten erasoan—. Gaur, Bartzelonako guardiako epaile batek kartzelara igorri ditu biak, behin-behinean; epaiketa egin bitartean kalera irten nahi badute, 6.000 euroko bermea ordaindu beharko du bakoitzak. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, hiru delitu leporatzen dizkiete: tratu txarrak ematea, lesioak eragitea eta legez kontra atxilotzea.

Akusatuak bermea ordainduta kartzelatik aterako balira, bestalde, biktimarengandik mila metro urruntzeko agindu bat ere ezarri die epaileak poliziei, eta harekin inola ere komunikatzea debekatu die. Pasaportea kendu, eta auzitegian aurkezteko ere agindu die.

Poliziak, berriz, zigor txosten bat ezarri die bi mosso horiei, eta zerbitzutik apartatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.