Euskal Herria Txapela

Athleticek merezita irabazi dio Realari

Athletic nagusitu da Euskal Herria Txapelako finalean, Reala mendean hartu eta gero, Barakaldon. Vesgak sartu du gol bakarra. Bi final irabazi dizkiete zuri-gorriek txuri-urdinei.

jarraia216814.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 5a
23:02
Entzun

Athleticek irabazi du gaur Barakaldon Euskal Herria Txapela, bigarren aldiz, eta garaipen gehien duen taldea bilakatu da. Vesgak egin du neurketako gol bakarra, baina aukera asko izan ditu gehiago ere egiteko, batez ere lehenengo zatian. Lagunarteko partida izan bada ere, intentsitate handiarekin aritu dira Athletic eta Reala, eta falta asko egin dituzte bi taldeetako jokalariek. Bigarren zatian Diego Ricok bigarren txartel horia ikusi du, eta hamarrekin amaitu zuten neurketa txuri-urdinek.

Nagusi izan da Athletic aurreneko zatian. Oso goian egin dute presioa Ernesto Valverderen jokalariek, eta Realak zailtasun handiak izan ditu bertatik irteteko. Txuri-urdinek ez diete haien jokoari uko egin, baina galdutako baloien ondorioz etorri dira Athleticen aukera gehienak.

Falta batean iritsi da neurketako lehenengo gola, 22. minutuan. Berenguerrek egindako erdiraketa ederki errematatu du Vesgak, eta Zubiaurrek ezin du gola ekidin. Ordurako hainbat aldiz sortua zuen izua Athleticek Realaren area inguruan, eta azkenean asmatu dute zuri-gorriek. Imanol Alguacilen jokalariak saiatu dira Iruarrizagaren atera gerturatzen, baina hala ere, gertuago izan dute bigarren gola zuri-gorriek.

Bigarren zatian aldaketa ugari egin dituzte bi taldeek, eta neurketaren nondik-norakoa ere aldatu egin da. Athleticek ez du lortu lehenengo zatian egindako presio bera egitea, eta errazago iritsi da Reala bizkaitarren ate ingurura. Brais Mendezek izan du Realaren aukera garbiena. Bigarren zatian zelairatutako Robert Navarroren pase baten ondoren, bakar-bakarrik egin du jaurtiketa galiziarrak, baina kanpora bota du dena alde zuenean. Berehala gelditu da, ordea, hamar jokalarirekin Reala, eta bertan amaitu dira txuri-urdinen aukerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.