Arrauna

Oriok beste koska bat igo du Euskotren ligaren bila

Irabazi egin du Hondarribian, eta bost puntu ateratzen dizkio orain Arraun Lagunaki. Zazpigarren bandera du bederatzi jardunalditan.

jarraia216835.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 6a
18:21
Entzun

Hori kolorea zeukan lehendik ere Euskotren ligak, eta gaur Hondarribian izan den emaitzarekin, are gehiago. Oriok zazpigarren bandera irabazi du, eta nagusi da, bi jardunalditan baino ez baita geratu puntu kopuru handiena eskuratu gabe. Bost puntu ateratzen dizkio Arraun Lagunaki sailkapenean, eta beste horrenbeste estropada baino ez dira falta. 31 eskutik du Patxi Francesen taldeak, beraz.

Bi zati bezala izan ditu gaurko lanak. Itsasoan, kanpoaldean, bada mugimendu pixka bat, eta haizea mendebaldetik jotzen ari da. Orio aurreneko kalean joan da, eta Arraun hirugarrenean. Donostiarrak bigarrena zuen, eta Tolosaldeak, laugarrena. Kanporanzko zatian, Arraun hobeto moldatu da. Estropadetan nekez aurkitzen ari diren arraunketaren bila, sendo ekin dio jardunari. Orioren aurretik joan da une oro, segundo bat-bi koska horretan. Ematen zuen gaur baietz, galdua duen hori berreskuratuz onbidera itzuliko zela, baina ez da horrela izan azkenean. Bigarren zatian, barrurantz, Oriok jan egin du Donostiako taldea.

Mugarria ziaboga izan da lehendabizi. Biziago zuzendu du trainerua Nadeth Agirrek Andrea Astudilloren aldean, eta buruan atera da ziabogatik. Zabaletik hartu du Oriok buelta, nahita, eremuaren kanpotik barrura bideratzen zen olatua baliatzeko. Bai lortu ere. Segundoa segundoari kateatuz, aldea handitzen joan da. Traineruaren muturra askotan ekarri du uretan ederki sartuta, popa aterata zuen bitartean. Ez zaio horrelakorik ikusi Arraunen ontziari. Azkenean, 5,14 segundo atera dizkio Oriok.

Beste lehian, jaitsierako kanporaketari ihes egin nahian, Tolosaldeak beste puntu bat jan dio Donostiarrari. Bateko aldea baino ez du Donostiako taldeak orain. Kanpora hobeto moldatu den arren, barrurantz ez da kolorerik ez. Tolosaldea nagusi. Datu honek ederki azaltzen du zer-nolako buelta egin duten tolosarrek: Orioren atzetik bigarren talde azkarrena izan da barruranzko luze horretan.

Gaurkoak eginda, bihar Getarian ariko dira, hamargarren jardunaldia jokatzeko (11:40).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.