Arrauna

Urdaibaik, bandera eta lasaitasuna

Hondarribian irabazi du, Eusko Label ligako liderraren etxean, eta bigarren bandera astindu du. Atzeko lehian, Santurtzi eta Ares geratzen hasi dira. Getariak laugarren egin du, eta bihar ohorezko txandan ariko da, etxean.

jarraia216838.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 6a
20:19
Entzun

Irabaztera ohituta zegoen taldea zen Urdaibai urte asko ez dela. Atzoko kontuak dira horiek, ez da iragan luzera atzera egin behar. Azken denboraldietan, ordea, galtzaile. Behar zuen klubak eta behar zuten arraunlariek irabaztera itzultzea. Zilegi, erabat, grina hori izatea. Ona arraunarentzat ere, jakina. Esatea eta egitea bi kontu ezberdin izaten dira zenbaitetan, eta ez dabil irabazle-irabazle ere uda honetan. Eusko Label ligan bandera bat Coruñan, eta Euskadiko Txapelketa. Gaur arte. Hirugarrena eskuratu baitu, non eta Hondarribian, ligako liderraren etxean. Nagusitasunez. Pozarekin batera, lasaitu handia eta sakona talde barruan. Egiten ari diren lana ona dela berresteko. Eta hainbeste buru zoratzen ez hasteko beharrezkoa.

Une guztiak dira onak garaipenak lortzeko. Ez da bat bera ere txarra. Baina batzuk badira besteak baino hobexeagoak. Ligako 11. estropada zen gaurkoa, eta garaipenaren lehian bete-betean sartzeko, goitik dituen Hondarribiari eta Donostiarrari puntuak jaten hasi beharrean da. Berandu baino lehen. Gaur egin du hori. Uztailean izan ez duen irabazlearen boladari helduko ote dio ba abuztuan? Urak idatziko du liburu hori.

Gaurkoaren esaldi ilara sortari hasiera emateko, kontu batzuk: astean egindako lan onaren ondorioa izan da Urdaibairen garaipena. Kale onari, laugarrenari, etekina ateratzearen jakitearena ere bai, beste estropada batzuetan ez bezala, gaur zorteko izan baita Bermeoko taldea kalearekin. Beroketan zizelkatzen hasitako garaipena izan da haientzat. Inertzia ona hartu momentu horretan, ikusi traineruak zer eskatzen zuen ondo nabigatzeko, eta ikusitakoa ondo ikasiz, lehia betean biribildu lana.

Estropada betea egin dute Iker Zabalarenek. Hasi eta buka. Lehen luzeko erdira arte, parean izan badituzte ere Hondarribia (bigarren kaletik), Donostiarra (lehendabizikotik) eta Orio (hirugarrenetik), hortik aurrera 'Bou Bizkaia' nagusi. Brankaz ondo lehen luzean, eta poparean ere bai bigarrenean (bazen baga kanpoan, leuntzera egin badu ere arratsaldeak aurrera egin ahala, olatuak mendebaldetik barrura markatzen zuela). Beste horrenbeste hirugarren luzean eta laugarrengoan ere. Azkenean zazpi segundo atera dizkio Hondarribiari, baina hamarretik gorako aldeak izanda aurretik. Azkeneko txanpa jo beharrik ere ez dute izan garaileek. Luze bukatuz osatu dute zati hori.

Hondarribiak ere estropada ona egin du. Gehiago nahi etxean, baina gaur aurkari hobe bat izan du. Etxekoen lanaren kontakizunean ere, ñabardura bat: Iñigo Sagarzazu titularrak, istribor hankekoak, ezin arraunean egin, gaixo. Azken orduko aldaketa, eta Gaizka Gorostiaga haren lekuan, ohiko tokitik aterata. Gertatzen dira horrelakoak, eta erantzun ona eman dio taldeak. Lider segitzen du Hondarribiak.

Atzetik Donostiarra ere dotore. Inork nahi ez zuen kaletik. Ematen zuen zama hori ere gaindituko zuela denboraldi bikaina egiten ari den taldeak, baina ezin azkenerako. Hirugarren hala ere, eta hamalau segundo galtzea ez da asko. Oriok gehiago galdu ditu, txandako azkenak: hemezortzi. Horrek zigorra ekarri dio, eta bihar ez da ohorezko txandan ariko, Getarian (12:13), herri horretako taldea sartu zaiolako laugarren.

Sekulako beste estropada bat egin du 'Esperantza' traineruak. Bigarren txandan, laugarren kaletik, aise bota ditu paretik Cabo, Zierbena eta Kaiku, hurrenkera horretan. Saria irabazi du, ligan estreinako urtean, lehen aldiz ariko delako ohorezko txandan, non eta etxeko estropadan. Galiziarrak ere ondo, behetik gora datozela erakutsi. Urruti utzi dituzte orain gutxi arte gainean izandako mamuak, jaitsiera eta kanporaketakoak.

Bizkaiko bi taldeak, aldiz, gaur bederatzigarren eta hamargarren. BIhar lehen txandan joango dira. Hor izango ez direnak Ondarroa eta Isuntza izango dira. Aurreneko txandako lehen biek (Ondarroa garaile, eta hau ere laugarren kaletik) ordezkatuko dituzte bihar bigarren txandan. Lortu dute gaur hainbat ontzi sartzea Ares eta Santurtzi eta bien artean, eta ospa egin diete mamuen lekutik. Gaur-gaurkoz, ematen du Ares eta Santurtzi izan daitezkeela azkeneko bi postuen jabeak. Hala daude orain, behintzat. Gaur Santurtzik egin du azkena, Ares aurretik sartu zaion bitartean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.