Samir Zaqout

«Zenbat aldiz bonbardatu behar dute Gaza nazioarteak zerbait egin dezan?»

Leherketak eten badira ere, Gazako palestinarren egoera larria da oraindik. Ez dute edateko urik, ezta argindarrik ere, eta Israelek eten egin die erregai hornidura. Al Mezan gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak salatu du hiltzen utzi dituztela.

Samir Zaqout, Al Mezaneko zuzendaria. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 8a
12:36
Entzun

Gazan egiten diren giza eskubideen urraketak dokumentatzeaz arduratzen da Al Mezan giza eskubideen erakundea. Gaza hirian dute egoitza nagusia, eta handik erantzun die BERRIAren galderei Samir Zaqout zuzendari nagusiak.

Ikusi gehiago:Indarrean da Israelek eta Jihad Islamikoak adostutako su etena

Hiru eguneko bonbardaketen ondoren, su etena hitzartu dute Israelek eta Jihad Islamikoak. Nola dago orain Gaza?

Bonbardaketak izugarriak izan dira, baina egoera honetatik okerrena ez da hori. Edateko urik eta argindarrik gabe gaude; erietxeetan ez dute nahikoa baliabide zaurituak artatzeko. Israelek utzi dio bonbak jaurtitzeari, baina palestinarrak hiltzen ari da. Erasoaren aurretik ere, argindarra etengabe eteten zuten, baina joan den larunbatetik geldirik dago Gazako argindar planta bakarra, Israelek utzi egin diolako erregaia bidaltzeari. Egunean, gehienez ere lau orduz dugu argindarra, eta beste hamasei orduz ilunpean egon behar dugu. Horri gehitu behar diogu bonbardaketek kalte handiak eragin dituztela azpiegitura zibiletan, batez ere edateko ura eta argindarra banatzeko sareetan.

Ez dugu ezer, eta ezin ditugu gure oinarrizko beharrak ere ase. Bonbek etxeak suntsitu dituzte; horietako asko azken erasoaldiaren ondoren eraikiak ziren, eta orain berriz eraiki beharko dira, baina horretarako ere ez daukagu materialik. Janaria ere ez da sartzen, Israelek blokeatuak dituelako hornigaiak sartzeko pasabideak.

Blokeoa, baina, ez da berria. Hamabost urte daramatza Gazak itxita.

Bai, baldintza hauetan bizitzen daramatzagu urteak. Espetxe bilakatu dute eskualdea. Ez dago hemendik irteteko modurik Tel Aviven baimenarekin ez bada. Aurrera egiten dugu besterik egiten ez dakigulako, baina inork ez luke modu honetan bizi behar. Oinarrizko eskubiderik txikiena ere urratu egiten zaie palestinarrei: haurrak ezin dira eskolara joan, ez daukagu osasun zerbitzurik, ez askatasunik...

Baduzue nazioartearen laguntzarik?

Ez. Lotsagarria da nazioartearen jarrera. Isilik daude, beste aldera begira. Errusiak Ukrainaren aurka jo zuenean, berehala altxatu ziren guztiak, eta bitartekaritza lanetan hasi ziren, eta Kievi laguntzen. Baina gurekin ez da berdin. Ez dute interesik Israelen aurka joateko. Zenbat aldiz bonbardatu behar dute Gaza nazioarteak zerbait egin dezan? Hor dituzu 2012ko eta 2014ko erasoaldiak: herritarrak etxean hil zituzten, hondakin artetik jaso genituen ehunka zibilen gorpuak, eta zer egin zuten agintariek? Isilik geratu. Zenbat aldiz jo dugu Nazioarteko Zigor Auzitegira? Zer egin dute? Ezer ere ez.

Ez dugu eskatzen Israel bonbardatzeko: Giza Eskubideen Ituna errespeta dezatela, besterik ez; Genevan hitzartutakoa bete dezatela. Erresuma Batuak, Alemaniak, Frantziak, Espainiak esku hartu izan dute beste hainbat gatazkatan, hasi Indiatik eta Myanmarreraino; salatu dituzte gerra krimenak, eta eskatu dituzte zigorrak. Baina palestinarrok, antza, ez gara besteak bezalakoak: gu hiltzen utz gaitzakete.

Noiz arte iraun dezake egoera honek?

Norbaitek esku hartu ezean, guk etsi arte. Baina ez dugu etsiko; beste urte bat egingo dugu, eta haren atzetik beste bat, eta gero beste bat. Jarraituko dugu urraketak salatzen, eta gertatzen ari dena dokumentatzen, hori baita gure lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.