Futbola

Abuztuan eta irailean jokatuko da Euskal Herria Kopa, bi mailatan

Txapelketak hamabigarren aldia izanen du aurten. Finalak iraileko lehenbiziko asteburuan jokatuko dituzte: B mailakoa irailaren 3an, Berriozarren (Nafarroa); maila nagusikoa, 4an, Sondikan (Bizkaia).

uskal Herria Kopako finalako partida Athletic eta Alaves artean 2021. urtean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 9a
15:20
Entzun

Prest da Euskal Herria Kopa, hamabigarrenez; hasia da atzerako kontua. Txapelketaren 2022ko aldia aurkeztu dute gaur Tolosako Berazubi estadioan, eta eman dituzte, azkenik, aurtengoaren xehetasunak.

Antolaketari dagokionez, aurten ere ez du izango nahi bezalako formatua txapelketak. Antolatzaileen esanetan, berez Euskal Herria Kopak «lehiaketa batean jokatzekoa» izan beharko luke, «Euskal Herriko herrialde guztietako taldeen artean» eta «behetik gorako formatuan onenak finalera iristeko aukera izanda». Hala ere, taldeen egutegiak «beste aukerarik utzi» ez diela eta aurten ere bi mailatan jokatuko dutela jakinarazi dute.

Abuztuan jokatuko dira A mailako finalerdiak eta B mailako kanporaketa guztiak. Finalak berriz, irailaren hasieran jokatuko dira bi mailetan. A mailari dagokionez, Lehen Mailan diharduten Alaves, Athletic eta Reala taldeak ariko dira, baita Bigarren Mailara jaitsi den Eibar ere.

Zozketa egindakoan, lehen finalerdian Eibar eta Alaves arituko dira hilaren 28ko 12:00etan Elgoibarko Mintxetan. Egun berean jokatuko da Reala eta Athletic-en artean bigarren finalerdia; Tolosako Berazubin 16:00etan. Hirugarren eta laugarren postuetarako partida irailaren 3an edo 4an jokatuko da, eta finala irailaren 4an izango da. ETBn zuzenean ikusi ahalko da.

B mailari dagokionez, bi multzo egongo dira: A multzoan arituko dira Oiartzun, San Ignacio, Berriozar, Mulier eta Gasteizko Aurrera; eta B multzoan Bizkerre, Tolosa eta Angeluko Isatsak. Liga formatuan jokatuko da eta multzo bakoitzeko irabazleek finala jokatuko dute irailaren 3an Berriozarren.

‘A’ mailako Reala eta Athleticen arteko finalerdirako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko internetez . Finalerako ere izango dira aldez aurretik erosteko aukera, behin finalerdiak jokatu eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.