Gerra Ukrainan

Errusiak armategi nuklearrak ikuskatzeko AEBekin zuen akordioa eten du

2010etik zegoen hitzarmena. Zelenskik eskatu du errusiarrei EBrako sarbidea ukatzeko; Bruselak estatu kideen esku utzi du erabakia.

Errusiako lehen bonba nuklear taktikoaren monumentua Moskun. MAXIM SHIPENKOV/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 9a
17:52
Entzun

Errusiak eta AEBek elkarri armategia ikuskatzeko bidea ematen duen akordioa bertan behera utzi du Moskuk, behin-behinean. New Start izena du itunak, eta 2010ean sinatu zuten, arma nuklearrak elkarri kontrolatzeko asmoz. Ikuskaritza lanak geldituta egon dira, COVIDak eragindako osasun larrialdia hasi zenetik orain arte. Eta, hain justu, Errusiako Atzerri Ministerioak atzo jakinarazi zuen, ohar baten bitartez, hitzarmena hausteko arrazoi nagusiak izan direla Washingtonek Moskuri ezarritako zigorrak, Errusiak Ukraina inbaditu zuenean. Izan ere, zigor horien ondotik, Errusiako ikuskatzaileek ezin zuten joan AEBetako armategia miatzera.

«Ez dago antzeko oztoporik AEBetako ikuskatzaileak Moskura joateko», jasotzen du Errusiako Atzerri Ministerioaren oharrak. Horrez gain, Ministerioak jakinarazi du Errusiako Atzerri ministroak beste herrialdeei kezka hori helarazi ziela; alegia, ikuskaritza lanak geldirik zeudela, baina ez duela erantzunik jaso AEBetatik.

Washingtonen erantzuna ez da berehalakoan iritsi, eta kontu handiz mintzatu da AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailea: «Herrialdeak konpromisoa du akordioarekin jarraitzeko, baina hitzarmenaren aldeen arteko eztabaidak isilpekoak dira».

Itunak bi herrialdeen arteko misil nuklearren erabilera mugatzen du; orain, ezin dituzte eduki 1.550 misil nuklear baino gehiago. Horrez gain, beste herrialdeei armak emateko kopuru bat zehazten du akordioak. Hitzarmenaren oinarria diren ikuskatzeko eta egiaztatzeko klausulak oso garrantzitsuak dira, elkarrenganako konfiantza sortzeko, eta arma nuklearren gehiegizko eta erabilera okerra saihesteko.

Hitzarmena behin-behinean hautsi duten arren, Moskuk Washingtoni bere armategiaren edozein mugimenduren edo egoera aldaketaren berri ematen jarraituko du, Rose Gottemoeller NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkariorde nagusi ohiak jakinarazi duenez.

Bestalde, Ukrainako Zaporizhia eskualdeko hegoaldean iragarri zuten erreferendum bat egingo zutela, Errusiaren parte bihurtu ala ez erabakitzeko. Izan ere, Moskuk okupaturiko eremua da. Galdeketa horren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi zuen ez duela Errusiarekin «akordiorik egingo» erreferendumak antolatzen jarraitzen baditu okupatutako eskualdeetan.

Gaur hitzetatik ekintzetara pasatu da; Ukrainako presidenteak ez du nahi herrialdeko eskualdeak Errusiaren parte izatea, eta, beraz, The Washington Post egunkarian egin dioten elkarrizketan eskatu dio nazioarteko komunitateari Errusiako hiritar orori beren herrialdeetarako sarbidea debekatzeko: «Herrialdeetako mugak ixtea da ezarri daitekeen zigorrik garrantzitsuena». Errusiarrek beren lurraldean bizi behar dutela gaineratu du, haien «pentsamoldea aldatu arte».

Zelenskiren eskaerari erantzunez, Europako Batzordeak iragarri du EB Europako Batasuneko kide diren herrialdeen esku utziko duela errusiarrei betoa jartzea ala ez. Horrela, herrialde bakoitzak erabakiko du turistentzako bisak mugatzea Errusiatik datozen herritarrentzat.

Arianna Podesta Europako Batzordeko bozeramaileari galdetu diote ea neurri honen ondotik beste hainbat zigor ezarriko dizkioten Moskuri, eta esan du ez duela hortaz hitz egingo. Horrez gain, Anitta Hipper EBko Barne Ministerioko bozeramaileak azaldu du EBko estatu kide bakoitzak aztertu behar duela epe laburreko egonaldietarako bisa eskaerak baimentzea ala ez, eta gehitu du ohikoa dela bisa baimentzea egoera humanitarioak, familiako kontuak, kazetariak eta disidenteak daudenean tartean.

Iragan astean Finlandiak iragarri zuen Errusiako herritarren bisa kopurua mugatu zuela. Eta gaur Estoniak honako hau eskatu die EBko kideei: «Ez baimendu turisten bisa gehiago Errusiako herritarrei; Europara joatea pribilegio bat da, ez giza eskubide bat».

Kremlinek Zelenskiren eskaera arbuiatu du, adieraziz «irrazionala» dela Ukrainako presidenteak eskatutakoa.

Laguntza ekonomikoa Kievi

AEBetako Nazioarteko Garapenerako Agentziak iragarri du beste 4,5 bilioi dolar —ia 4,4 mila milioi euro— emango dizkiola Ukrainako Gobernuari, «oinarrizko funtzioak bermatzen jarraitzeko»; besteak beste, eskolak eta ospitaleak irekita mantentzeko. Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, guztira 7 bilioi dolar —6,8 mila miloi euro— eman dizkio. Finantzaketa herrialdeko Diruzaintza Departamentuak koordinatu du, Munduko Bankuaren bidez, eta zatika emango dio dirua: lehen ordainketa hil honetan egingo dio; 3 bilioi dolar —2,9 mila miloi euro—.

Ukrainak Errusiako inbasioari aurre egiteko dirua ez ezik, munizio gehiago ere jaso du AEBetatik; horien artean, suziri gehiago. Armek bilioi bat dolar —ia mila miloi euro— baino gehiagoko balioa dute. Besteak beste, 75.000 jaurtigai eta aire defentsarako misilak eman dizkio Washingtonek.

Ontziek beste norabide bat hartu dute

Ukrainako Odesa portutik iragan astean atera zen alez betetako lehen ontzia, eta, geroztik, beste hainbeste abiatu dira. Ontzien helmuga Yemen, Somalia eta Etiopia ziren, besteak beste. Baina beste norabide bat hartu dute. Hain justu, Turkiara, Ingalaterrara, Irlandako Errepublikara, Txinara eta Italiara.

Hasieran, Odesako portutik atera zen lehen ontziak Libanora joan behar zuen, baina erosleak operazioa ezeztatu zuen, bost hilabeteko atzerapenarekin zetorrelako, Erresuma Batuko Libanoko enbaxadak jakinarazi duenez. Libano elikagaien inflazio tasarik handiena duen herrialdea da.

NBE Nazio Batuen Erakundeak «bizitzak salbatuko dituen garizko ontziak» gisara deskribatu ditu Turkiako eta Europako norabidea hartu duten hiru ontzi. Zelenskik ere adierazi du Kiev «prest» dagoela munduko elikagaien segurtasuna bermatzen jarraitzeko. Zerealez betetako ontziak, berriz, ez dira joan urgentziaz behar dituzten herrialdeetara, eta, The Associated Press AEBetako albiste agentziak jakinarazi duenez, Ukrainatik atera diren ontzietako alea ez da gizakientzat, animalientzat baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.