Energia

Energia aurrezteko industrian eta «sektore guztietan» lan egin behar dela dio Tapiak

Energia berriztagarriak bultzatzeko beharra erakutsi du, «industria intentsiboari» beste irtenbide bat bilatzeko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Radio Euskadin. RADIO EUSKADI
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 10a
12:51
Entzun

Hego Euskal Herrian gaur bertan sartu dira indarrean tenperaturak eta argiztapena mugatzeko neurriak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «sektore guztiei» eragingo diela azpimarratu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Radio Euskadi-n eskainitako elkarrizketa batean. Saltokiez eta ostalaritzaz maiz hitz egin da, baina industria ere kontuan hartu du Tapiak; «pilare» bat da, administrazioekin eta erabiltzaile pribatuekin batera.

Eusko Jaurlaritzak datorren ostiralean argitaratuko du bere plan propioaren zirriborroa. Xehetasun gehiago emateko esperoan, Tapiak azaldu du tenperatura eta argiztapena erregulatzeaz gain ekonomia deskarbonizatu behar dela, eta energia berriztagarriak bultzatu. «Ez digu balio besteek sortzeak eta kanpotik ekartzeak; gas naturalaren menpekotasuna izan beharrean, berriztagarriena izango dugu».

Azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8-9koa da egun energia berriztagarrien kuota: «oso eskasa». 2035erako %20ra heltzeko asmoa erakutsi du sailburuak. Hein batean, industriari irtenbidea ematea ere bada helburua: «Industria intentsiboak zerbait gehiago behar du. Dimentsio handiagoko parkeak behar ditu, eta gure ehun produktiboak ere energia berriztagarriak behar ditu».

Nafarroan, kontsumoaren %38

Era berean, Nafarroan ere energia aurrezteko plana «biziagotu» egingo da industrian, Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko eta Enpresa Garapeneko Departamentuko kontseilariaren arabera. Gogoratu duenez, industriak egiten du Nafarroako energia kontsumoaren %38.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.