Arrantza

«Kontrolik gabeko arrantza» hedatzen ari da euskal kostaldean

Sare pelagikoak erabiltzen dituzten kanpoko ontziak «ohiko» bihurtu dira, debekatuta egon arren. ELAk dio ikuskatzaileak falta direla.

Arrantzale talde bat, hegaluzea Getariako portuan deskargatzen. JUAN CARLOS RUI / FOKU
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 11
15:34
Entzun

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzale profesionalak itsasoratzen diren bakoitzean abisua eman behar diote Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioari, eta porturatzen direnean zenbat arrain deskargatuko duten jakinarazi behar diote, gero lonjetan ministerioak bidalitako ikuskatzaileek egiazta dezaten arrantzatutakoak eta bide ofizialetatik merkaturatutakoak bat egiten dutela. Azken urteetan, baina, ugaritu egin dira kontrol horiek saihesten ari diren kanpoko ontziak, portuetan eta itsasoan ikuskatzaileak falta direlako, ELA sindikatuak salatu duenez.

Hori dela eta, euskal kostaldetik gertuko uretan gero eta ohikoagoak dira, besteak beste, sare pelagikoak erabiltzen dituzten beste herrialde batzuetako barkuak, Irlandakoak bereziki. Arrantza teknika hori debekatuta dago Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, ingurumenerako eta, zehazki, espezien iraupenerako kaltegarria delako, baina, hala ere, erabili egiten dute, eta arrantzatutakoa bertako portuetan deskargatzen dute. Horrekin batera, kirol arrantza ere nabarmen handitu da azken urteetan, eta horren kontrola ere «oso eskasa» da. Bi fenomeno horiek euskal arrantzaleei kalte egiten diete bereziki, «lehia desleialagatik», Miren Garmendia Gipuzkoako kofradietako idazkariak nabarmendu duenez.

Arazoa ez da berria, baina gero eta agerikoagoa da. ELAko Lorea Izagirreren arabera, arrantza ikuskaritzak berezitasun batzuk ditu; bat bereziki: ontziek edozein ordutan arrantzatu dezakete, eta edozein ordutan porturatu daitezke. Hori dela eta, hainbat urtez ikuskatzaileak ordutegi finkorik gabe aritu dira lanean, portuetan eta itsasoan. Espainiako Gobernuak 2011n erregularizatu zuen haien egoera, baina araudia ezin izan dute aplikatu, ministerioak ez duelako bete ikuskatzaile gehiago jartzeko konpromisoa, Izagirrek azaldu duenez.

Aurten hasi dira ordutegi erregimena aplikatzen, eta emaitzek agerian utzi dute arazoa hor dagoela oraindik: berdelaren eta antxoaren kanpainak amaitu berritan, «egiaztatu» dute %50 urritu direla ikuskapenak. «Ikuskatzaileak kexak jasotzen hasi dira arauak hausten dituzten itsasontziei buruz, eta horrek kalte egiten die gainerako ontziei; beste estatu batzuetako flotari egindako ikuskapen gutxi daude, eta gure portuetan deskargatzen dute», azaldu du Izagirrek. Orain, hegaluzearen kanpainan bete-betean ari dira euskal arrantzaleak, eta azken urteetan bezala debekatutako teknikak erabiltzen dituzten ontziak dabiltza euskal kostaldean.

«Denen» kalterako

Hori gertatzen ari dela berretsi du Gipuzkoako kofradietako idazkari Miren Garmendiak, eta bi ondorio dituela azpimarratu du: batetik, prezioetan, kontrolik gabeko arraina merkeago saldu ohi delako; eta, bestetik, ingurumenean, kuotak ez direlako errespetatzen. «Gu gauzak ongi egiten ari gara, baina beste batzuek nahi dutena egiten dute. Gu gara lehen kaltetuak, baina epe luzera denok aterako gara galtzen», ohartarazi du.

Garmendiak dio ikuskatzaile faltaren auzia «lan gatazka bat» dela eta horri buruz haiek «ezer gutxi» egin dezaketela, begiraleek Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministeriorako lan egin dutelako. Kofradietako eledunak azaldu du Madrili «askotan» ohartarazi diotela arazoaz. «Guk beti eskatu dugu kontrol handiagoa, gure arrantzaleak direlako kaltetu nagusiak». Kontrolak «homogeneoak» izan behar direla uste du, alegia portu guztietan egin behar direla, eta itsas zabalekoak ere ugaritu egin behar direla, hemengo zein kanpoko ontziei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.