Eraikuntza

EHUko Medikuntza Fakultateko enpresek uko egin diete fakultate berriaren obrei

Eskaintza aurkeztu zutenetik %20 igo dira eraikuntza kostuak, eta, ondorioz, ezin dituzte kontratuan itundutako baldintza guztiak bete. Uko egite hori dela eta, EHU behartuta dago Medikuntza Fakultateko obra horiek berriro lizitaziora ateratzera.

EHUren Medikuntza fakultatea. GORKA RUBIO / FOKU
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 12a
11:51
Entzun

Medikuntza aldi baterako enpresa elkarteak (ABEE) uko egin die EHUk Bilbon izango duen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea eraikitzeko obrei. Elkarteak jakinarazi duenez, kostuen gorakada dela-eta ezin ditu lan horiek bere gain hartu.

EHUk 2021eko urriaren 15ean atera zituen lizitaziora eraikuntza lan horiek, 53,4 milioiko aurrekontuarekin. Construcciones Adolfo Sorbino SA, Altuna y Uria SA eta Cycasa Canteras y Construcciones SA aurkeztu ziren lehiaketara, eta esleipendun izanez gero ABEE bat formalki eratzeko konpromisoa hartu zuten guztiek. Eskaintza hark baldintza agirietan ezarritako baldintza guztiak betetzen zituela egiaztatu ondoren, unibertsitateko kontratazio mahaiak martxoaren 4an esleitu zuen kontratua, 53,3 milioi euroren truke.

Joan den uztailaren 28an, baina, esleipendunek idatzi bat aurkeztu zuten kontratuari uko egiteko eskatuz. Izan ere, eraikuntza kostuak %20 igo dira eskaintza aurkeztu zutenetik, eta, ondorioz, ezin dituzte kontratuan itundutako baldintza guztiak bete. Hori ikusita, EHUk amaitutzat eman du esleipena, eta nabarmendu du ez dituela zigortuko kontratuari uko egiteko eskatu duten enpresa horiek. Orain, EHU behartuta dago Medikuntza Fakultateko obra horiek berriro lizitaziora ateratzera, eta horrek atzeratu egingo du eraikuntza prozesu guztia.

Fakultate berriaren ezaugarriak

Eraikin berriak Medikuntza, Erizaintza eta Fisioterapia fakultateak hartuko ditu. Basurtuko ospitalearen aldameneko partzela triangeluar baten gainean eraikiko da, gaur egun osasun zentroko langileentzako aparkaleku gisa erabiltzen den lekuan. Bost eta zortzi solairu artean izango ditu; baita lurpeko bat ere, ehun aparkaleku baino gehiagorekin. Blokean, 71 gela, irakasleentzako 206 bulego eta 191 laborategi egongo dira, eta 3.000 lagun inguruk erabiliko dituzte egunero.

Aurreikuspenen arabera, joen den udaberrian edo udaren hasieran hasi behar zuten obrekin, 36 hilabeteren bueltan amaituak izateko. Espazioak egokitu ostean, espero zen 2025-2026ko ikasturterako inauguratuko zela, baina, kontratuari uko egin ondoren, ezingo dira aurreikusitako epe horiek bete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.