Donostiako Aste Nagusia

Bueltan da Donostiako Aste Nagusia

Bi urteren ondoren, kanoikadak eta Piraten txupinazoak eman diete hasiera jaiei. Union Artesanako kideek abestu dute ‘Artillero’. Kaian, Bilgune Feministako kideek piztu dute poza.

Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman dion kanoikada. Elias Arruabarrenak piztu du metxea. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko abuztuaren 13a
00:20
Entzun

Bi urteko etenaren ondoren, bueltan da Donostiako Aste Nagusia. Bi hasieretan jendetza izan da, ofizialean zein alternatiboan. Donostiar zein bisitarien jai egarria agerian gelditu da Alderdi Ederren eta portuko La Flamenka gunean. Kanoikadaren aurretik, euri zaparrada handia bota du, eta udaletxearen aurrealdea aterkiz bete da, baina Artillero-ren doinuak hasi baino minutu bat lehenago atertu du. Union Artesanako kideek hasitako doinuari ozen eman diote jarraipena han bildutakoek. Elkarteak 150. urteurrena du aurten, eta jai batzordeak omenaldia egin nahi izan dio. Elias Arruabarrena Gastronomikako kideak piztu du kanoiaren metxa.

Piratek ere urteurren borobil bat omendu nahi dute beren txupinazoan. Euskal Herriko Bilgune Feministak hogei urte bete ditu aurten, eta haiek eman diote hasiera jaiari. Hamar kofradietako partaideek inguratuta piztu dute zuzia. Aurretik, kaira joandako festazaleek txiki utzi dute La Flamenka gunea Ezkilari eta Mattiri ongietorria emateko.

Kanoikadak eta txupinazoak hamar eguneko jai egitarau bati eman diote hasiera. Ohikoa denez, Su Festen Nazioarteko Lehiaketa izango da jende gehien bilduko duten ekintzetako bat. Munduko zortzi su etxe lehiatuko dira, tartean Ukrainako Dance of Fire Fireworks. Gaur, Arabako Valecea su etxearen txanda izango da. Saguesen, bestalde, motako guztietako artistak izango dira; Izaroren txanda izango da gaur, eta Zetak eta Gatibu taldeak ere izango dira datozen egunetan.

Gaurtik datorren larunbatera arte, eskulangintza azoka izango da, Gabiltza elkarteak antolatuta, Zuloaga plazan. Kursaaleko terrazan, Aste Nagusi osoan, eskaintza gastronomiko zabalaz gozatzeko aukera egongo da Zurriola Street Fooden. Munduko askotariko zaporeak dastatzeko, hamahiru janari furgoneta egongo dira. Easo plazan, bertso saioak izango dira nagusi: abuztuaren 15ean, 17an eta 19an, 12:30ean. Andoni Egañak, Sustrai Colinak, Unai Gaztelumendik eta Amaia Agirrek parte hartuko dute, besteak beste.

Festak hiriko 30 gune hartuko ditu, eta, aurten, berrikuntza gisa, Urumea Jai Giroan ekintza egingo dute. Abuztuaren 15ean, 17an, 18an eta 19an, 16:00etan, bisita gidatuak egingo dituzte ibaian. Gainera, antzezlan bat eta ibaiaren garbiketa ere egingo dira. Astelehenean eta asteartean, ehun metro luze izango den txirrista erraldoi bat jarriko dute Kursaaleko Zurriola terrazan, haurrentzat eta helduentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.