Arrauna

Ondarroaren ezusteko garaipena etxean

Eusko Label ligako estropada irabazi du, lehen txandatik. Marea eta haize aldaketa, eta itsas-laster handiak erabakigarriak izan dira.

jarraia217067.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 13a
22:04
Entzun

Handia egin du Ondarroak: etxeko estropada irabazi. Festetan da herria, eta Eusko Label ligako garaipen hau ere ospatzeko moduan dira ondarrutarrak. Lehen txandatik eskuratu du historian bigarrena duen lorpena, iaz Zierbenan lortu zuenari batu diona. Estu irabazi dio Cabori, 1, 46 segundogatik, eta gero nola ez duten denbora hori hobetu bigarren eta hirugarren txandako traineruek, etxean geratu da trapu preziatua.

Hori gertatzeko ezinbestean jazo behar ezohiko zerbait, eta hauek izan dira eragileak: marea eta haize aldaketa, eta itsas-laster handiak. Bigarren txandako garaile Getariak ez du Ondarroaren denbora bota, ez eta Urdaibai liderrak ere hirugarren txandan. Horrenbestez, etxeko taldeak jauzia eman du sailkapenean, eta azken-hirugarren lekutik bederatzigarrenera igo du koska bat. Nabarmentzekoa dena hau da: orain sei puntura du azken-aurrekoa den Santurtzi (gaur bosgarren izan da), eta gaurkoaren aurretik batera zuen.

Etxekoen pozak bizilagunaren mina ekarri du. Izan ere, Isuntza azkena izan da, eta azken-hirugarren lekura erori da. Santurtzi baino puntu ale bakana baino ez du. Ares, azken sailkatua, gaur seigarren izanda ere, azken lekura gehiago lotu da. Beste gainontzean, goiko lehian, Urdaibaik puntu bat gehiago sartu dio Hondarribiari (lau dira orain), eta tarte bera ateratzen dio hirugarrenera joan den Donostiarrari (zazpigarren egin du). Atzerago sartu zaizkio Orio, zortzigarren, eta bihar Castro Urdialesen (Espainia) lehen txandan joango diren Getaria, Kaiku, Zierbena eta Isuntza(12:13ean). Bigarren txandan joan diren lau horien artean azkarrena Zierbena izan da, baina nola hiru segundoko zigorra jaso duen irteera ustela egiteagatik (Kaikuk bezala), Getariak eraman du txanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.