Cadiz 0-1 Reala

Realak Kuboren gol bati esker irabazi du Cadizen

Txuri-urdinek gogor lan egin behar izan dute, baina japoniarrak 24. minutuan sartutako golak balio izan die. Debuta egin dute Brais Mendezek eta Momo Chok.

Realeko jokalariak Take Kuboren gola ospatzen, gaur, Cadizen (Espainia). ROMAN RIOS / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko abuztuaren 14a
19:55
Entzun

Iritsi, lehen neurketa hasieratik jokatu, eta hiru puntuak lortzeko balio izan duen gola sartu. Horixe da Take Kubok Realean egin duena. Ligako estreinako neurketa jokatu dute txuri-urdinek gaur Cadizko Nueva Mirandilla estadioan, eta ezin hobeto ekin diote denboraldiari: garaipen batekin (0-1).

Aurreikusitakoaren antzeko hamaikakoa zelairatu du Imanol Alguacilek. Remiro atepean eta defentsan Le Normand, Zubeldia, Rico eta Aritz. Azken horrena izan da, ziurrenik, ezustekorik handiena, Gorosabel aulkian utzi baitu Orioko entrenatzaileak.

Partida aurreko prentsaurrekoan, izenik eman gabe, baina jokalari batzuen aurka gogor hitz egin zuen prestatzaileak; esan zuen ez zirela fisikoki behar bezala prestatuta iritsi denboraldiaurrera. Arrasatekoa izan daiteke horietako bat. Gainontzean, esperotakoa: Zubimendi, Merino, Brais eta Silva zelai erdian, eta Kubo eta Isak aurrean.

Jokalari horiekin, neurketari oso ondo ekin dio Realak. Une oro Cadizen zelaian ibili da baloia, eta galdu bezain pronto berreskuratzen zuten donostiarrek. Cadizen apustua argia zen: atzean sendoak izan, eta kontraerasoren bat baliatu gola egiteko.

24. minutuan, ordea, Braisek baloi bat berreskuratu du, Merinori utzi dio, eta hark pase zoragarri bat eman Kubori, japoniarrak Realaren estreinako gola sartzeko. Ezustean harrapatu ditu Cadizko atzelariak. Orduan zertxobait aurrera egin du Cadizek, eta, egiari zor, Realak adina arrisku sortu du atsedenaldira bitartean.

Chok, bi aukera

Bigarren zatian astunagoa izan da neurketa. Reala izan da atzean sartu dena, eta, Cadizek aukera argiegirik sortu ez duen arren, sufritzea tokatu zaie txuri-urdinei. Iazko joerari eutsita, ordea, sendo jardun dira Le Normand, Zubeldia eta konpainia.

Azken minutuetan, gainera, bi aukera oso argi izan ditu Realak neurketa erabakita uzteko. Biak, aulkitik sartu den Momo Chok. Bi kontraerasotan geratu da bakarrik Ledesma atezainaren aurrean, baina ez du asmatu frantziarrak.

Azkenean 0-1, eta lehen hiru puntuak, poltsikora.

Cadiz: Ledesma; Zaldua (Diarra, 86'), Hernandez, Chust, Espino; Fali, Jose Mari (Alarcon, 65'), Perea (Mabil, 45'), Arzamendia (Alejo, 65'); Lucas Perez (Negredo, 73) eta Lozano.

Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normard eta Rico (Aihen, 82'); Zubimendi, Merino (Illarra, 78'), Brais, Silva (Cho, 78'); Kubo (Barrenetxea, 78') eta Isak (Karrikaburu, 85').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.