ATHLETIC 0-0 MALLORCA

Grina ez da nahikoa izan

Athletic Mallorca baino gehiago izan da San Mamesen, baina azken metroetan dituen zailtasunek sari barik utzi dute

Asier Villalibre, aukera bat huts egin ondoren. MONIKA DEL VALLE / FOKU
haritz gallastegi
2022ko abuztuaren 15a
22:01
Entzun

«Golak sartzeko arazoak ditugu. Beraz, aukera gehiago eta garbiagoak sortu behar ditugu». Ernesto Valverdek gaur partida bukaeran esandakoa nahikoa da zuri-gorrien partida ikusi ez duenak lehian zehar zer gertatu den irudikatzeko. Ez baita lehen aldia Athleticeko entrenatzaile batek antzeko hitzak erabiltzen dituena neurketaren analisia egiteko orduan. Taldeak azken denboraldietan izan duen gaitz nagusia berriz agertu da: gol sena duten futbolari gutxi izateaz gain, zailtasun handiak ditu atzean sartzen diren taldeen kontra.

Athleticeko jokalariei ezin zaie ezer aurpegiratu. Zelairatzen diren bakoitzean barruan duten guztia ematen dute: lanerako gaitasun handia dute, korrika asko egiten dute, erritmo bizian jokatzen dute, aurkaria arnas barik lagatzeko gai dira... eta horri guztiari esker neurketa irabazteko abaguneak sortzeko kapaz dira. Baina sarri ez da nahikoa izaten.

Gaur ere merituak egin dituzte Mallorca mendean hartzeko. Javier Aguirre aurkariaren entrenatzaileak bitan esan du «zortea» izan dutela. Eta, hala ere, Athletic neurketa galtzeko arriskuan egon da. Valverdek inork baino hobeto daki zein futbol komeni zaion Athletici. Talde zuri-gorriko jokalariak zein jarraitzaileak inork baino hobeto ezagutzen ditu. Aurrera egitea gustuko dute. Talde ausarta gura du San Mamesek, aurkariaren zelai zatian jokatzen duena. Eta futbolariek ere maite dute jokamolde hori.

Hala, neurketa hasieratik  garaipenaren bila zelairatu da talde zuri-gorria. Jokalarien gogoak bat egin du harmailetatik jasotako bultzadarekin. Futbol gosea zegoen San Mamesen. Ia 40.000 lagun elkartu dira abuztuaren erdian, eta argi ikusi da Herri Harmailaren bultzada mesedegarria izango dela taldearentzat.

Kontuak kontu, neurketa hasi orduko Asier Villalibrek lanean jarri du Mallorcaren atezaina. Predrag Rajkovic izan da bisitarien artean onena. Handik gutxira Mikel Vesgak areaz kanpotik egindako jaurtiketak zutoina jo du kanpora joan aurretik. Zuri-gorrien gola denbora kontua izango zela zirudien. Baina Mallorca ondo antolatutako taldea da. Defentsa sendoa osatu du Aguirrek, eta partidak aurrera egin ahala, Athleticen grina kontrolatzea lortu du. Horretarako, taldeko 11 jokalariak jarri ditu baloiaren atzetik lanean, eta baloia lortu duen bakoitzean lehia moteltzen ahalegindu da. Kontraeraso bat edo zuri-gorrien akats bat baliatzea zen helburua garaipena eskuratu ahal izateko.

Vedat Muriqik eman du lehen abisua ordu laurdena bete orduko. Vesgak atzera egindako pase txar bat baliatuta, buruz egin du errematea aurrelariak, baina ordurako gainean zuen Unai Simon. Zuri-gorrien atezainak lan gutxi izan du, baina erabakigarria izan da Athleticek sasoiko lehen puntua irabazteko.

Lehen zatiaren azken txanpara arte ez du askorako eman lehiak, baina atsedenaldira iritsi aurretik Iker Muniainek izan duAthletic aurreratzeko aukera on bat. Oscar de Marcosek penalti puntura egindako erdiraketa behartuta eta motel errematatu du, ezkerrez. Kapitainak 500 partida bete ditun elastiko zuri-gorriarekin, eta omenaldia jaso du neurketa amaieran.

Bigarren zatiari ere bizi ekin dio Valverderen taldeak. Iñaki Williamsi kontrol txar batek utzi dio atezainaren aurrean bakarrik gelditzeko aukera barik, eta Yuri Berchichek zutoinera jaurti du ezker hegaletik egindako jaurtiketa bikain bat. Athletic merituak egiten ari zen aurreratzeko, baina Mallorcak neurketan zehar izan duen bigarren agerraldian mutu utzi du estadioa. Eskuin hegaletik egindako erdiketara buruz errematatu du Kang in Leek, eta aparta izan da goleko marraren gainean Unai Simonek egindako geldiketa. Neurkeraren azken txanpan aulkian zituen erasoko jokalari guztiak zelairatu ditu Athleticeko entrenatzaleak, baina ez da nahiko izan garaipena eskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.