Euskal presoak

Preso eta iheslarien egoera «normalizatzeko» eskatuko dute manifestazio baten bidez

Sarek eta Bilboko konpartsek batera antolatuta, abuztuaren 26an egingo dute, Bilbon.

Blboko agerraldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abuztuaren 17a
11:49
Entzun

Urtero legez, Sarek eta Bilboko konpartsek manifestazioa egingo dute abuztuaren 26an, 13:00etan, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, euskal preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Konpartsek azaldu dutenez, oraindik deialdia egin beharra dago, «pauso asko» falta direlako «presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko».

Konpartsek esan dutenez, «salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko bidean» egoerak hobera egin du azken urteotan: «Atzean utzi ditugu lehen gradua, bakartzea eta urrutien dauden kartzelak». Baina oraindik badaude egin beharreko urratsak, eta horietatik lehena, konpartsen iritziz, preso guztiak Euskal Herrira ekartzea da: «Oraindik 58 preso daude Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta denek Euskal Herrian egon beharko lukete, hori baita senide eta lagunen sufrikarioa amaitzeko pausorik garrantzitsuena».

Baimenei eta hirugarren graduari dagokienez, presoei «dagokien ibilbidea oztoporik gabe» egiten uzteko eskatu dute konpartsek. Haien ustez, gainontzeko presoei ezartzen zaizkien baldintza berak eskatu behar zaizkie euskal presoei ere, «legez kanpo dauden eskaerak» gehitu gabe. Pixkanaka iheslari eta deportatuen kasuak konpontzeko ere eskatuko dute.

Debekatzeko eskaera

Manifestazioa egingo dela iragarri eta berehala, APAVT Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformak eskaera egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, mobilizazioa debeka dezan. Eskaeran azaldu dutenez, manifestazio hori bat dator garai batean Herrira eta Askatasuna elkarteek antolatzen zituztenekin: «Litekeena da Sareren atzean legez kanpoko erakunde bat egotea, legezko plataforma bat erabiltzen ari dena bere jarduerak egiten jarraitu ahal izateko». APAVTren ustez, «ETAko kideak gorestea» da manifestazioaren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.