Bilboko jaiak

Bilboko Udalak doako 500 jarduera eskainiko ditu Aste Nagusian

Kulturak toki nabarmena izango du egitarauan: ehun musika jardueratik gora antolatu dituzte, esaterako. 2019ko festetan, milioi bat pertsona inguruk hartu zuten parte udalaren ekintzetan, eta aurten gehiago izango direla uste dute. Azpiegituren prezioaren igoera dela eta, ohi baino %20 handiagoa izango da aurrekontua.

Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia (kartela eusten), Aste Nagusia antolatu dutenekin, gaur goizean, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA
amaia igartua aristondo
2022ko abuztuaren 17a
12:54
Entzun

Bilboko Udalak osatu du jada 2022ko Aste Nagusiko egitaraua: doako 500 bat jarduera eskainiko dituzte, orotara. Goizean aurkeztu dute egitarau osoa, udaletxean egindako prentsaurreko batean, eta, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez, askotariko ekintzak izango dira, «adin eta mota guztietako jendearentzat». Larunbatean hasiko dira jaiak, eta hurrengo igandean bukatu, eta ohi baino bisitari gehiago espero dituzte: 2019an, guztira milioi bat pertsona inguruk hartu zuten parte udalaren ekintzetan.

Kulturak toki nabarmena izango du festetan, ehun musika jarduera baino gehiago egongo baitira. Bederatzi agertokitan egingo dira kontzertuak. Abandoibarrean, Mikel Urdangarinek joko du larunbat honetan, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, eta Bulego taldea ere arituko da, ostegunean. Azken urteetan bezala, kontzertu jendetsuak hartuko ditu Europa parkeak: ostiralean, esaterako, En Tol Sarmiento taldea igoko da oholtzara, eta Gazteak antolatutako ikuskizunak biribilduko du gaua.

Halaber, munduko hainbat bazterretako doinuak aditu ahal izango dira Plaza Barrian, besteak beste Euskal Herriko, Galiziako, Afrikako, Ukrainako eta Kubako artisten eskutik. Gizakundearen elizan musika klasikoa eskainiko dute, eta Bizkaiko rock taldeek Bilborock girotuko dute. Bilbainadak eskainiko dituzte Casilda Iturrizar parkean, eta dantzaldiak Plaza Biribilean. Bestalde, lehen aldiz Zubitik zubira egitasmoa egingo da: bigarren larunbatean, abuztuak 27, Bilboko Koral Elkarteko abeslari talde batek itsasadarrean abestuko du.

Euskal kulturak ere protagonismoa izango duela azpimarratu du Urtasunek. Aurten ere, herri musikarien, erraldoien eta buruhandien kalejirak eta bertso saioak egingo dira, besteak beste, eta euskal kirolari ere erreparatuko zaio, herri kirolen erakustaldi batekin eta traineru lehiaketarekin.

Umeentzat ere jarduera ugari antolatu dituzte. Casilda Iturrizar parkean Txikigunea izango da, eta aurten NBEren 2030erako Agendako garapen jasangarrirako helburuak izango dira jolasgunearen ardatz. 0 eta 12 urte bitarteko umeentzako 33 jarduera eskainiko dituzte. Era berean, haurrek Balearen Desfilean parte hartu ahal izango dute oraingoan ere: lehen igandean izango da, abuztuak 21, 19:00etatik aurrera.

Egitarauaren xehetasun denak udalaren webgunean edo jaietako aplikazio ofizialean topa daitezke, baita eskuorri inprimatuetan ere.

Antolaketa «oso zaila»

Aurtengo inauteriak baino lehen, udaleko Jai Batzorde Mistoa hasia zen Aste Nagusia prestatzen. Hilabeteetako lana izan da, eta, gainera, «oso zaila», Jaietako zinegotziak aitortu duenez, lantalde ia osoa berria baita. Baina koskarik handiena azpiegiturak izan dira, Urtasunen arabera. «Enpresa batzuk jada desagertu dira, eta beste udalerri batzuek ohi baino gehiago inbertitu dute jaietarako agertokietan, karpetan, hesietan...». Hori horrela, prezioek gora egin dute nabarmen. Lehen, 2,5 milioi euro inguru erabiltzen zituzten Aste Nagusia antolatzeko, baina aurtengoaren aurrekontua %20 handiagoa izango dela aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.