Migrazioa

Aurten 4.500 etorkin artatu ditu Gurutze Gorriak Irunen

Xabier Legarretak adierazi du Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol arrazistak» Jaurlaritzaren jarduna oztopatzen dutela arlo horretan. Irungo Harrera Sareak baliabide falta salatu du berriro.

Irungo mugan egindako protesta bat, Bidasoan hildako migratzaile baten heriotza salatzeko. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko abuztuaren 18a
12:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Gurutze Gorriak 4.500 etorkini eman die zerbitzua aurten —uztailaren 19ra arte—. Datu hori eman du gaur Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako migrazio eta asilo zuzendariak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Gaineratu du Frantziako Poliziak Irungo mugan egiten dituen «kontrol arrazistek» «zailtzen» diotela gehien Jaurlaritzari arlo horretako jarduna.

Hain zuzen, esan du kontrol horiek «auzi honekin negozioa egiten duten mafiak» sustatzen dituztela, eta aitortu du Jaurlaritza «kontziente» dela egoera horretaz: «Irungo egoera nolakoa den helarazteko aukera daukagun bakoitzean, hala egiten dugu». Gehitu du Jaurlaritza «kezkatuta» dagoela azkenaldian migranteen aurka izandako gorroto delituengatik ere, gora egin baitute: «Argumentuak eman behar ditugu areagotzen ari diren eskuin muturreko diskurtsoak gelditzeko».

2018. urtetik handitu den migrazio fluxua behar bezala kudeatzeko, baina, Jaurlaritzak eskumen gehiago behar dituela gehitu du: «Migrazio politiken eremua hor dagoen pakete bat da, negoziazio betean dagoena, eta espero dugu irailean berriro hastea eta egiteke dauden transferentzia horiek lehenbailehen iritsi ahal izatea».

Azaldu duenez, Jaurlaritzak, eskumen hori ez daukan arren, «azkar erreakzionatu», eta «arreta humanitario egokia eta duina» eman behar izan die mugara Irunera iritsi diren etorkinei. Esan duenez, Jaurlaritzak kontaktua dauka mugaz bestaldeko zenbait elkarterekin, Bidasoa ibaian hiltzen diren migranteak identifikatu eta haien familiekin kontaktuan jartzeko.

Hala ere, Irungo Harrera Sareak salatu du migranteak «hiru egunez soilik» gera daitezkeela Gurutze Gorriaren aterpetxean, eta bertan ezin direla Irunera iristen diren etorkin guztiak sartu, «kriterio zentzugabe batzuen arabera» ematen baitiete sarbidea. Horrez gain, «informazio falta» salatu izan dute zenbaitetan, haien hitzetan ez baitituzte ohartarazten, esaterako, Bidasoa ibaia gurutzatzeak dakartzan arriskuez.

Ukrainako errefuxiatuak

Ukrainatik heldutako errefuxiatuen inguruko datuak ere eman ditu Legarretak: urtea hasi zenetik, 3.500 errefuxiatuk eskatu dute nazioarteko babesa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 2.700 pertsonak lortu dute dagoeneko osasun txartela.

Eskolaratzeari dagokionez, Ukrainatik zetozen 780 haurrek eman dute izena eskoletan, eta 411 pertsonak helduen hezkuntzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.