Zinemaldia

Euskarazko bi lan izango dira Zinemaldiko Nest saria lortzeko lehian

Guztira, hamahiru film labur hautatu dituzte antolatzaileek sariketarako, eta lehen aldiz izango dira euskarazko bi lan haien artean: Mikele Landa Eigurenen 'Noizko basoa' eta Nagore Muriel Letamendiaren 'Erro bi'

Mikele Landa Eiguren zinemagilearen 'Noizko basoa' film laburreko fotograma bat. MIKELE LANDA EIGUREN
Inigo Astiz
2022ko abuztuaren 18a
13:09
Entzun

Aurrez ez da sekula euskarazko lanik izan Zinemaldiko Nest sarirako hautagaien artean, eta bi izango ditu aurten, lehiaketa antolatzen duten 21. aldian. Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburrak saritzen ditu sariketak, zehazki, eta 160 eskolak aurkeztutako 350 filmen arteko hamahiru bereizi ditu hautaketa batzordeak aurten. Haien artean dira Mikele Landa Eigurenek zuzendutako Noizko basoa eta Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi lanak. Biak euskaraz sortutakoak.

Irailaren 19tik 23ra bitarte proiektatuko ditu Zinemaldiak Nest saria jasotzeko hautagai diren lanak, eta Tabakalerako zinema aretoan izango dira emanaldi guztiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, eta oraindik zehaztu gabeko zinema esparruko pertsona ospetsu batek eta hautatutako lanen jatorri diren zinema eskoletako ikasleek osatuko dute epaimahaia. Horrez gainera, Tabakalerako Medialabeko estudioan ikusgai egongo dira orain arte saritutako film laburrak.

Fikzioa eta saiakera

Fikziozko lana da Muriel Letamendik aurkeztutakoa, Erro bi, eta Ainhoa izeneko pertsonaia du ardatz. Urtebete da haren aita hil zela, eta haren akordua dakarkio etxeak etengabe. Ihes egiteko gogoa du, baina amak ondoan nahi du, eta hor piztuko da gatazka. Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea da zuzendaria egun, eta Ibone Ajuria Fondado eta Sonia Villamor aktoreekin grabatu du filma.

Ez-fikziozko film bat da Landa Eigurenen Noizkoa basoa. Donostiako Elias Kerejeta zinema eskolako kide da bera, eta, filmaren sinopsiak iradokitzen duenez, saiakeratik gertu dabil lehiaketara aurkeztu duen lana. «Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?».

Talentu berria

Orain arte, guztira, 1.000 zinemagile gazte baino gehiagoren lanak proiektatu ditu Zinemaldiak sail honi esker, eta ehun eskola eta elkarrizketa ere antolatu ditu industriako profesionalekin. Jaialdiak azaldu duenez, talentu berria sustatzeko martxan duten sailik «garrantzitsuena» da Nest saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.