Lan gatazkak

La Union autobus konpainiako zazpi langile kaleratu dituzte

ELAk adierazi du enpresak urteak daramatzala lan baldintzak okertzen eta egoera eutsiezina dela. Gogorarazi du enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituela zenbait zerbitzu

La Union konpainiako autobus bat. ELA
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 19a
11:51
Entzun

ELAk salatu du Autobuses La Union konpainiak zazpi langile kaleratu dituela, eta ohartarazi du enpresak atzera egiten ez badu mobilizazioak bultzatuko dituela.

Sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, langile horiek finkoak ziren, kontratu mugagabeak zituzten. Salatu duenez, haien ordez enpresak aldi baterako beharginak kontratatu ditu, edo atseden egunetan zeuden langile batzuk zerbitzu horiek betetzera behartu ditu.

ELAren arabera, konpainiaren azken urteetako kudeaketa «murrizketen, aldaketen, eta langileen baldintzen okertze sistematikoaren karrusela» izaten ari da.

Sindikatuak gogorarazi du enpresa horrek diru publikoarekin finantzatzen dituela zenbait zerbitzu: besteak beste, Bilbo-Gasteiz, Bilbo-Iruñea, Aiaraldea, Gasteiz-Durango eta Gasteiz-Miranda Ebro lineak.

100 langile inguru ditu konpainiak, eta lantaldea «lehertzear dagoen presio espiral batean» dagoela salatu du ELAk. «Edalontzia bete duen tanta langile horien kaleratzea izan da, lan karga faltsuak argudiatuz, atsedenaldietan behin-behineko langileekin edo langile finkoekin zerbitzu beharrak betetzen dituen bitartean, langile guztiei prekaritate handiagoa gehituz».

Horregatik guztiagatik, ELAk «murrizketen politika» bertan behera uzteko eta kaleratuak berriro onartzeko exijitu dio enpresari, eta konpainia hori kontratatzen duten administrazio publikoei eta enpresei eskatu die «langileen eskubideak bete daitezen exijitzeko».

Arazoa konpontzen ez bada, sindikatuak «mobilizatzeko eta beharrezkoak diren ekintza guztiak antolatzeko beharra» adierazi dio enpresa batzordeari. CCOOk, UGTk eta ELAk osatzen dute batzordea, eta aurreneko biek dute gehiengoa. Aurki bilduko dira; egoera ikusita, ELAk ez du baztertzen lanuzteak proposatzea beste bi sindikatuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.