Memoria historikoa

Baliteke Gernika 'memoria toki' izendatzea memoria historikoaren lege berriarekin

Legeak «errepresioarekin eta indarkeriarekin» lotura duten lekuen zerrenda bat egitea aurreikusten du. Ezkabako gotorlekua eta Donostiako Cumbre jauregia memoria toki izendatuko dituzte, eta zerrenda osatzen ari dira hainbat elkarte.

'Gernika' koadroaren erreprodukzio bat, Gernikan (Bizkaia). LUIS TEJIDO / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 19a
16:29
Entzun

Irailean sartuko da indarrean Memoria Demokratikoaren Espainiako Legea, eta, Ezkabako gotorlekua eta Donostiako Cumbre jauregia ez ezik, litekeena da Gernika (Bizkaia) ere memoria toki izendatzea. Izan ere, legean aurreikusten diren lekuen zerrenda osatzeko dokumentu bat prestatzen ari dira memoria elkarteak, eta Gernika ere proposatuko dute beste hainbat lekuren artean.

Joan den uztailean onartu zuten araudia Espainiako Kongresuan, Senatutik igaro ostean; besteak beste, EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin. Legeak «errepresioarekin eta indarkeriarekin» lotura duten lekuen zerrenda bat egitea aurreikusten du, horien berri emateko, funtzio didaktiko batekin. Araudi berri horren arabera, 1936ko estatu kolpearen, 36ko gerraren, diktadura frankistaren eta erbestearen ondorioz «herritarren kontrako errepresio edo indarkeriaren gune izan diren lekuak, eraikinak, paisaiak edota kultura ondasun ez-materialak» izango dira memoria lekuak.

Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari dagokio zerrenda osatuko duten lekuak izendatzea, baina biktimen senitartekoek, memoria historikoko elkarteek eta autonomia erkidegoek proposamenak egin ditzakete.

Memoria leku izendatuko dituzten tokiak

Ezkabako gotorlekua, frankismo garaian preso errepublikanoen kartzela izandakoa, eta Donostiako Cumbre jauregia, Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua, inbentarioaren barruan sartuko dituzte. Horiez gain, litekeena da Gernika ere memoria toki izendatzea; duela 85 urte, Alemania naziko Kondor Legioak eta Italiako hegazkin faxistek gogor bonbardatu zuten Bizkaiko udalerria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.