Txirrindularitza

Alex Aranburuk irabazi du Limousingo Tourra

Aurreneko garaipena du itzuli batean. Azkeneko etapan bigarren egin du Movistarrekoak.

Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 19a
17:31
Entzun

Alex Aranburuk (Movistar) lehen aldiz gozatu du itzuli bat irabazten. Limousingoaren jabe egin da Ezkiokoa (Gipuzkoa). Gaur amaitu da, eta azkeneko etapan ere postu ona lortu du, bigarren izan baita Vincenzo Albanese (Eolo) italiarraren atzetik.

Sailkapen nagusian, Aranburu izan da azkarrena lau etapako lasterketa amaitzen, eta haren atzetik izen handiko bi txirrindulari sailkatu dira: Diego Ulissi (UAE) 10 segundora, eta Greg Avermaet (AG2R) 18ra.

Etapaz etapako lana aztertuta, Aranburu hirugarren izan zen lehendabizikoan; bigarrengoan irabazi egin zuen; hirugarrengoan hirugarren sartu zen, eta gaurkoan, bigarren egin du. Etapa guztietan esprintean erabaki da garailea, eta gainsariei esker lortu du itzuliaz jabetzea Goierrikoak.

Profesionaletako garaipenen zerrendan, seigarrena du Aranburuk hau: Euskal Herriko Itzulian etapa bat irabazi zuen iaz, eta Getxoko Zirkuitua 2018an. Urte horretan, etapa bana irabazi zuen Burgosko Itzulian eta Madrilekoan. Limousingo oraingo biak (etapa eta nagusia) ditu azkeneko bi lorpenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.