Donostiako Aste Nagusia

Italiako Scarsella Fireworks su etxeak irabazi du nazioarteko suen lehiaketa

Zilarrezko Maskorra Castelloko Marti Pirotekniarentzat izan da, eta Brontzezko Maskorra Kanaria Handiko San Miguel Pirotekniarentzat

Italiako Scarsella su etxearen emanaldia, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2022ko abuztuaren 20a
15:56
Entzun

2019an bezala, Donostiako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako Urrezko Maskorra irabazi du Italiako Scarsella Fireworks su etxeak. Atzo erakutsi zuten haien bilduma Kontxako badian, eta horri esker jaso du sari nagusia. Bigarren saria Herrialde Katalanetara joan da: Castelloko Marti Pirotekniak jaso du. Astelehenean erakutsi zuen bere lana, eta emanaldi dotorea eta erregularra osatu zuen, bukaerako traka zaratatsuarekin. Bigarren saria ez ezik, Super Amara epaimahai gazte saria ere eraman du Marti su etxeak. Hirugarren saria, berriz, Kanaria Handira (Espainia) joan da. Asteartean erakutsi zuen San Miguel su etxeak bere lana: ikuskizun dibertigarria osatu zuten, kolorez eta jolasez betea. Horri esker eramango du bueltan Kanarietara Brontzezko Maskorra.

Gaur eguerdian eman du sarien berri epaimahaiak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ekitaldian, eskerrak eman nahi izan dizkiete Erresuma Batuko Fully Fused Fireworks eta Valentziako (Herrialde Katalanak) Turis piroteknia enpresei, «erakutsitako profesionaltasunagatik eta lehiaketan parte hartzeagatik, beren bildumen muntaketak egin zituzteneko baldintza meteorologiko apartei aurre eginda». Asteazkenean bota behar zuen bere bilduma Erresuma Batuko su etxeak, baina haize bolada handiengatik bertan behera geratu zen emanaldia; eta, beraz, ezin izan du lehiaketan parte hartu. Ostegunean eman zuen bere ikuskizuna Valentziako su etxeak, eguraldi kaxkarrarekin.

Irabazleek atzo emanaldi dotorea eskaini zuten Kontxako badian, bai kolore eta bai formei dagokienez. Ohi duten moduan, ez zuten su alturik bota, eta altuera ertainekoak izan ziren nagusi. Emanaldi bikain horri esker jaso dute Urrezko Maskorra.

Eskarmentu handiko piroteknia da Italiako Scarsella Fireworks. 1969an sortu zuen Giussepe Scarsellak, Alatrin (Italia), eta su festen bilakaera guztia ezagutu eta barneratu dute. 50 urteko esperientzia berme handia da pirotekniaren munduan, eta hori da Scarsellak behin eta berriz eskaintzen duena: belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza. Ekitaldi ahaztezinak sortzearen fama dute italiarrek, eta hala erakutsi dute bi urtez Donostian, 2019an eta aurten Urrezko Maskorra irabazita. Gaur egun, bi egoitza nagusi dituzte: Alatrikoa eta Anagnikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.