TXIRRINDULARITZA

Sam Bennetek irabazi du Espainiako Vueltako bigarren etapa

Bora taldeko txirrindulari irlandarra azkarrena izan da esprintean. Mike Teunissen (Jumbo) jarri da lider sailkapen nagusian

Sam Bennett, garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 20a
18:02
Entzun

Sam Bennettek (Bora) oso gustukoa du Espainiako Vuelta; bikain moldatzen da bertan. Hirutan aritu da esprinter irlandarra, eta hiruretan irabazi du gutxienez etapa bat. Duela hiru urte lehiatu zen aurrenekoz, eta bi etapatan nagusitu zen. Urtebete geroago, beste etapa batean gailendu zen. Eta, gaur, laugarren garaipena eskuratu zuen. Azkarrena izan da bigarren etapan, s’Hertogenboschen eta Utrechten (Herbehereak) artean jokatu dena. Mads Pederseni danimarkarrari (Trek) eta Tim Merlier flandiarrari (Alpecin) hartu die aurre azken metroetan. Mike Teunissen (Jumbo) sailkatu da laugarren, eta, horri esker, lider jarri da.

Ihesaldi batek bakarrik alda zezakeen aurrez ikusitako gidoia: esprinta izatea. Eta ihesaldiak, egon, egon dira. Etapa hasi eta berehala egin dute aurrera Xabier Mikel Azparrenek (Euskaltel-Euskadi), Pau Miquelek (Kern Pharma), Julius van den Bergek (Education First), Jetse Bolek (Burgos) eta Thibault Guernalec (Arkea). 116 kilometro egin dituzte ihesean. Hasieran, tropelak joaten utzi die, eta bost minutu pasatxoren aldea izan dute. Baina esprinterren taldeek lanari ekin, eta aldea murrizten hasi dira. Helmugarako 59 kilometro falta zirela harrapatu dituzte.

Euskaltel-Euskadiko beste txirrindulari bat saiatu da gero: Luis Angel Mate. 25 kilometro egin ditu buruan, baina tropelak kontrolpean izan du une oro, eta hogei kilometroren faltan harrapatu du. Ziztu bizian zihoan tropela, eta tentsioak goia jo du, erorikoren baten beldur. Egon dira, baina ez aurrean, eta azken zuzengunean jokatu da dena. Bennettek izan du pedal kolperik azkarrena.

Gaurkoaren antzeko etapa da biharkoa, hirugarrena, Bredan hasi eta amaituko dena (Herbehereak). 193,5 kilometroko ibilbide laua du. Haize babesak eta erorikoak izan daitezke arriskurik handienak. Aukera asko dago esprinta jotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.