Arrauna

Oriok aldea lortu du Zarauzko lehen jardunaldian

Arraun Lagunaki 10,96 segundo atera dizkio biharko bigarren jardunaldiari begira. Kanporaketari ihes egiteko lehian, Tolosaldea puntu batera jarri zaio Donostiarrari.

jarraia217305.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 20a
18:14
Entzun

Oriok sendo segitzen du Euskotren ligan. Lehiaketa aurreko larunbatean irabazi zuen Ondarroan, eta gaur, Zarauzko estropada irabazteko lehen pausoa eman du. Sendoa eman ere. Arraun Lagunaki 10.96 segundo atera dizkio, eta biharko bigarren jardunaldirako gauza asko dauzka alde bandera preziatua irabazteko. Bihar goizen jokatuko da bigarren eguna (11:30).

Hasieratik hartu du burua Oriok, lehen kaletik. Alboan izan du Arraun, eta harago, Donostiarra eta Tolosaldea. Itsasoa zakar, ia bi metroko olatuekin, baina nahasia. Arraunerako txarra. Orio moldatu da ondoen, beste baldintza guztietan moldatu den bezala liga honetan. Ziabogan, bost segundo atera dizkio Arrauni, eta bigarren luzean, kaleak kondenatuta, ezin etekin handirik atera. Baina beharrik ere ez. Atzetik, Arraunek nahikoa lan zeukan trainerua gogortuta eta zuzen ekartzen. Ziaboga eman orduko, Oriok are gehiago egin dio ospa. Ez da ezusterik izan bukaeran.

Beste lehia bat, eta ez edonolakoa, Tolosaldeak eta Donostiarrak izan dute atzetik. Ligako azkeneko postuak kondena dauka: jaitsierako kanporaketa jokatu beharra. Donostiarrak bi puntu goitik ekin dio, baina bat galdu du bidean, eta bat bakarrik du fabore. Tolosaldeak aurrea hartu dio gaur, eta estropada nola joan den ikusita, ezustea ez da izan. Soilik hasieran sartu dio branka aurkariak. Hortik aurrera, Tolosakoen urdina aurretik. Bospasei segundoko koska ere izan du alde, eta poparean, ez du aparte izan Arraun bera ere. Donostiarra suspertu egin da barrurako luzearen erdian, segundo batera ere jarri zaio Tolosaldeari, baina ezin aurrea hartu.

Bihar erabakiko dute biek zein doan kanporaketara. Berdinketa egoteko, Tolosaldeak irabazi egin behar dio berriz ere Donostiarrari, eta elkarren arteko lehiak kontuan izanda, berdinduta bukatuko zuketenez, Tolosakoak lirateke hirugarren, eta Donostiarra laugarren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.