TXIRRINDULARITZA

Euskal Herrian dago jada Espainiako Vuelta

Euskal Herriko errepideetan ibiliko da Espainiako Vuelta hiru egunez. Gaurko etapa Gasteizen hasiko da, eta Guardian amaitu.

Beharginak muntatze lanetan, Gasteizko Mendizabal aparkalekuan. MAIXA UTRERA
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 22a
17:51
Entzun

Euskal Herrian da Espainiako Vuelta. Herbehereetan hiru etapa jokatu ondoren, tropela euskal errepideetan barna ibiliko da hiru egunez. Zale asko izan da errepide bazterretan txirrindulariak animatzen, eta ziklistek esker ona adierazi dute. Euskal Herriko zaleak beren ospeari eusten saiatuko dira datozen hiru egunetan. Sailkapenean, taldekako erlojupekoan zabaldutako tarte bera du Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) gainerako faboritoekin, baina, gaur, bosgarren etapan, mugimenduak espero dira.

Herbehereetako azken etapa amaitu eta berehala hartu zuten txirrindulariek hegazkina, Forondako aireporturaino. Atzo, atseden eguna zuten, eta Gasteizen igaro dute; hain zuzen ere, handik abiatuko da Vueltako laugarren etapa, gaur. Guardian (Araba) izango du helmuga, eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak prestatutako ibilbide gorabeheratsua egin beharko dute ziklistek.

Opakua (bost kilometro luze eta %6,9ko pendiza), eta Herrera (7,3 eta %4,8) izango dira eguneko mendateak, eta amaierak ere goranzko joera dauka. Kontuan hartzeko aldapak daude, eta esprinterrek irabazteko lehiatik kanpo gelditzeko arriskua izango dute. Remco Evenepoel eta Julian Alaphilipperentzat (Quick-Stepp) aukera polita izan daiteke.

Zaleek izango dute elkartzeko tokia, Bastidan (Araba). Guardiarekin muga egiten du udalerri horrek, eta Arabako Foru Aldundiak zaleentzako gune bat paratu du han; hainbat jarduera egingo dira. Pantaila erraldoi bat ere jarriko dute, etapa bertatik bertara ikusi nahi dutenek elkarrekin ikus dezaten.

Bosgarren etapa, berriz, Irundik (Gipuzkoa) abiatuko da, eta Bilbon izango du helmuga; beraz, Aste Nagusiko jai giroan murgilduko da lasterketa. Orain artekoarekin alderatuta, guztiz ibilbide ezberdina izango du etapak. Bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Lehenbizi, hirugarren mailako hiru mendate igoko dituzte, eta, ondoren, Ganguren bi aldiz (%4,6 eta %8). Klasiko baten antzeko ibilbidea du etapak, eta diziplina horietan ondo moldatzen direnak dira faborito. Taldekako erlojupekoan denbora galdu zuten faboritoek mugitzeko aukera izango dute, eta baliteke lehenengoz aritzea liderrak elkarrekin indarrak neurtzen.

Affini lider; Roglic aurretik

Bilbotik bertatik abiatuko da tropela seigarren etapan. Euskal Herria atzean utzi, eta Kantabriarako bidea hartuko du (Espainia): San Miguel de Aguayon amaituko da. Ihesaldia lehenengo aldiz iristeko egun aproposa izan daiteke, baina, Euskal Herriko lehen bi saioetan gertatzen denaren arabera, zenbait talderen estrategiak aldatu egingo dira.

Vueltak Herbehereetan eman dituen hiru egunek arrastoa utzi dute sailkapen nagusian. Taldekako erlojupekoan ikusi ziren tarte berak daude sailkapenean. Roglic zen faborito nagusia lehia hasi aurretik, eta tarteak haren alde daude lehen egunetik. Hamahiru segundoren aldea dauka esloveniarrak Richard Carapazekin (Ineos), eta hamalaurena Evenepoelekin. Joao Almeidak (UAE) 33 segundo galduak ditu sailkapenean, eta Jai Hindleyk (Bora), 41. Mikel Landa (Bahrain) da lehen euskal txirrindularia: 45. postuan dago, Eduardo Affini liderrarengandik 47 segundora. Vueltak hiru lider izan ditu jada, hirurak Jumbokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.