Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atzeman dituzte erizain bat jotzeagatik

Miarritzeko Aguilera ospitalean sortu da liskarra, istripu bat izan duen lagun bati laguntzera joan direnean. Konorterik gabe utzi dute erizaina.

Baiona Aviron errugi taldeko hainbat jokalari, artxiboko irudi batean. ANTOINE BATTUTORE
Nagore Arin.
2022ko abuztuaren 25a
11:54
Entzun

Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atzeman dituzte, bart gauean Miarritzeko (Lapurdi) Aguilera ospitalean erizain bat jo eta konorterik gabe utzi ondoren. Frantziako France Bleu irratiak zabaldu duenez, gaur egungo entrenatzailearen laguntzaile Antoine Battut eta prestatzaile fisiko ohi Cyril Gomes dira Poliziak atzemandakoak, eta zaintzapean jarri dituzte.

Erasoaren egileak Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat izateak zalaparta piztu du sareetan eta komunikabideetan, eta horietako asko zehazki zer gertatu den ikertzen saiatu dira. Mediabask hedabideak, kasurako, zer gertatu den aurrez aurre ikusi duen erizain laguntzailearekin hitz egin du, Margaux Guridirekin. Haren hitzetan, Battut eta Gomes larrialdi gelara joan dira gaur goizaldean, istripu bat izan duen lagun bati laguntzera. Antza, dantzaleku batetik irtetean motorretik erori da laguna, eta beste biek ospitalera eraman dute.

Erizain laguntzailearen arabera, motorretik erori den lagunarekin ezin egoteagatik sortu da liskarra; izan ere, koronabirusa dela-eta hainbat murrizketa indarrean daude oraindik, baina errugbi taldeko entrenatzailearen laguntzaileak eta prestatzaile fisiko ohiak ez dute neurri hori onartu. Guridiren esanetan, liskarraren tonua garraztuz joan da orduan, eta, Battuten eta Gomesen laguna artatzen ari zen erizaina egoera beretzen saiatu den arren, ukabilkada bat eman diote. Ukabilkada hartzean lurrera erori da, eta, erizain laguntzaileak azaldu duenaren arabera, bi gizonezkoek erizaina jotzen jarraitu dute.

Orduan, ospitaleko segurtasun agente bat hara bildu da, eta Battuten eta Gomesen artean sartu da. Bietako bat berehala joan da, Guridi Poliziari deitzen ari zitzaiola ikusi duenean. Bestea atxikita eduki dute Poliziako kideak iritsi arte, eta alde egin duena geroxeago atzeman dute.

Battutore entrenatzailearen laguntzaileak gertakariak aitortu ditu, eta onartu du berak eman duela lehen ukabilkada. Gomes prestatzaile fisiko ohiak, berriz, esan du Battuten eta erizainaren artean jartzen saiatu dela. Erasoa jasandako osasun langileak traumatismoak ditu garezurrean eta zoru orbitarioan.

Aviron errugbi taldeak ohar bat plazaratu du gertakari larri horren harira. Idatzian, gertatu dena gaitzetsi du taldeak, baina nabarmendu du «testuinguru pribatu batean» gertatu direla. Halaber, iragarri du ahalik eta azkarren elkartuko dela taldeko kidearekin, eta ez du baztertu neurriak hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.