Espainiako Vuelta

Vine garaile, eta Evenepoel lider

Australiarrak azken mendatean erasoa jo eta gero lortu du garaipena. Evenepoelek eta Masek igoera ikusgarria egin dute, eta aldea atera diete gainerako taldeburuei

Jay Vine, pozik, garaipena lortu berritan. LA VUELTA
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 25a
18:15
Entzun

Jay Vinek (Alpecin) irabazi du Espainiako Vueltako seigarren etapa, Pino Janon. Liderren arteko lehia hasi aurretik egin du saiakera australiarrak, eta inork ez du harrapatu. Remco Evenepoelek (Quick-Step) eta Enric Masek (Movistar) erritmo bizian egin dute igoera, eta bakarrik aritu dira Vineren atzetik. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta gainerako taldeburuek ezin izan dute aurreko bikotearen erritmoan jarraitu, eta minutu bat baino gehiago galdu dute haiekiko.

Bilbotik abiatu dira txirrindulariak, San Mames ingurutik. Etapa hasi eta berehala aldendu dira hamar txirrindulari tropelaren ondotik, eta horrela sortu da eguneko ihesaldia. Hamar horien artean izan da Xabier Mikel Azparren (Euskaltel-Euskadi), eta bost minutu pasatxoko aldea ere izan dute. Eguraldi zakarra izan dute txirrindulariek. Bilbotik eguzkipean irten badira ere, Kantabrian (Espainia) sartzean zeharo aldatu da meteorologia. Gogotik egin du euria bertan, eta zorua bustia zegoela zenbait txirrindulari lurrera ere jausi dira, horien artean Ander Okamika (Burgos-BH).

45 kilometro gelditzen zirenean beste eroriko bat izan da tropelean. Ineos erritmoa bizitzen ari zen, eta bihurgune batean hamar bat lagun erori dira. Tropela bi zatitan banatu da orduan, eta Rudy Molard (FDJ), maillot gorria, atzean gelditu da. FDJ bigarren taldean tiraka aritu da, eta liderraren taldekideak indarrez hustu dira tropela berriro elkartzeko.

Collada de Brenes (6,8 km luze eta %8,2ko pendiza) minutu eta erdiko aldearekin hasi du ihesean zebilen taldeak, eta tropelean Quick-Stepek abiadura bizitu du, Evenepoelen mesedetan. Erritmo horretan 30 bat txirrindulari besterik ez dira gelditu tropelean, eta aurrean Mark Padun (Education First) bakarrik gelditu da buruan. Erruz egin du euria igoeran, eta zaleek horrelako eguraldia eskertzen badute ere, txirrindularien sufrimendua nabarmena izan da. Azkenerako, minutu bateko aldearekin amaitu du jaitsiera Padunek, eta tropelak argi utzi du ez zeukatela garaipena ukrainarren eskuetan uzteko intentziorik.

Hamar kilometro inguruko sasi ordeka egin dute txirrindulariek eguneko azken mendatera iritsi arte, eta tarte bera mantendu du Padunek. Julian Alaphilippek (Quick-Step) ezarri du erritmoa bertan, eta maldan gora hasi bezain pronto kendu da aurretik. Orduan hasi da festa Pico Janon (12,6 km eta %6,6). Zenbait txirrindulari saiatu dira erasoren bat jotzen, baina Vinek bakarrik lortu du aurrera egitea. Liderren artean Evenepoelek astindu du zuhaitza. Erritmo aldaketa bortitza egin du Quick-Stepeko gazteak, eta Masekin batera alde egin du beste faboritoen ondotik.

Roglicek ezin izan du haien erritmoan jarraitu, eta lider asko zeuden taldetxo batetik tiraka aritu da esloveniarra, ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Vinek atzera begiratu gabe jarraitu du Pico Janon gora, eta Padun atzean utzi eta gero, hark irabazi du etapa, lanbropean. Atzetik sartu dira Evenepoel eta Mas, garailearengandik hamasei segundora. Saiatu diren arren, ez dira Vineren ondora iritsi, baina atzeko taldeari alde handia ateratzea lortu dute. Garailearengandik 1.37ra sartu da gainerako faboritoen taldetxoa, eta Evenepoelek jantzi du maillot gorria. Richard Carapaz (Ineos) izan da gehien sufritu duen faboritoa, 2.59 galdu baititu helmugan. Mikel Bizkarra (Euskaltel-Euskadi) izan da lehen euskal txirrindularia helmugan. 5.46ra iritsi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.