Ospa Eguna

Jucil guardia zibilen elkarteak Ospa Eguna debekatzeko eskatu du

Espainiako polizia indarrek herria utz dezatela eskatuko dute irailaren 3an Altsasun (Nafarroa). Guardia zibilen elkarteak, ordea, uste du «gorroto delitua» dagoela horren atzean.

Iazko Ospa Eguneko manifestazioa. MAIALEN ANDRES / FOKU
2022ko abuztuaren 26a
12:41
Entzun

Bihar zortzi Altsasun (Nafarroa) egitekoak diren Ospa Eguna debeka dezaten, izapideak hasi ditu Jucil Guardia Zibilarentzako Justiziarako Elkarte Profesionala. Eskaera hori egin die Espainiako Barne Ministerioari eta Espainiako Fiskaltzari eta Nafarroako Arartekoari.

Elkarteak gutun bana igorri die, eta, horren bidez, proposatu die beharrezkoak diren neurri administratibo eta judizialak hartzeko egun hori egin ez dezaten. Jucilen Nafarroako idazkari Cesar Antolinezen esanetan, «gorroto delitua» dago Ospa Egunaren atzean, haren xedea delako «Guardia Zibila umiliatzea, jazartzea eta erasotzea». Halaber, Nafarroako zenbait puntutan Guardia Zibilak «ia egunero eraso bidegabeak» pairatzen dituela nabarmendu du Jucilek, ohar batean.

Ez dirudi, ordea, Altsasuko kolektibo zaurgarria Guardia Zibila delako sentipena dutenik bertako herritarrek. Izan ere, aste honetan bertan agerraldi bat egin dute bertako zenbait herritarrek, Isunen Kontrako Taldearen izenean, eta Guardia Zibilaren aldetik jasaten ari diren «jazarpena eta erasoaldi errepresiboa» salatu dituzte. «Erasoaldi» hori isunen bidez ari da egiten Guardia Zibila, euren esanetan. Hala, azken bi hilabeteetan hamar isun baino gehiago jaso dituztela azaldu dute: «Aurretik genituenak gehituta, azken bi urteetakoak 30.000 eurora iristen dira». Askotariko arrazoiengatik jaso dituzte isunok; «biolentzia matxista salatzeagatik», «Ikasle Abertzaleen mobilizazioetan egondako atxiloketak salatzeagatik» eta «haur eskoletako grebalariekin elkartasun argazki bat ateratzeagatik», besteak beste.

Isun horien muina «instituzioetatik kanpo antolatzeko ezintasuna eta oinarrizko askatasun politikoen ukapena» dira, Isunen Kontrako Taldearen arabera: «Militantzia politikoa ekidin nahi dute, militanteen biziraupen materiala kolokan jarriz». Horren kontra antolatzeko dei egin du taldeak, eta haren ekinaldietan parte hartzeko. Ospa Egunean parte hartzeko gonbita ere egin zuen.

Egun osoko egitaraua antolatu dute irailaren 3rako. Polizia ereduari buruzko mahai ingurua izango dute goizean. Eguerdian, bazkaria egingo dute, eta, ondoren, manifestazioa. Kontzertuekin amaituko dute eguna, gaztetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.