Ingurumena

Gasoil isuri bat izan da Petronorren Muskizko findegian

Barbadun ibaira doan gainezkabide batera joan da gasoila. Egoera «kontrolatuta» dagoela esan du Petronorrek.

Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegia. LUIS TEJIDO / EFE
2022ko abuztuaren 26a
15:28
Entzun

Petronorrek berak eman du isuriaren berri. Jakinarazi duenez, Muskizen (Bizkaia) duen lantegitik gasoila atera da kanpora; zehazki, Barbadun ibaira doan gainezkabide batera. Euriteen eraginez gertatu dela adierazi du, ohar batean. Halaber, egoera kontrolatzeko neurriak hartu dituela ere jakinarazi du, baita isuriaren berri eman ere Muskizko, Abanto-Zierbenako, Zierbenako udalei nahiz larrialdi zerbitzuei ere.

Handik gutxira, «kontrolatutzat» eman du egoera: «Ezarritako protokoloek agindutako euste eta xurgatze bitartekoak abian jarrita, lehen momentuan ikus zitezkeen irisazioak desagertu egin dira».

Gaurkoa ez da aurtengo lehen isuria. Urtarrilean, Uraren Euskal Agentziari jakinarazi zioten Barbadun ibaian orbanak agertu zirela. Agentziako teknikariek, ondoren, baieztatu zuten hidrokarburo isuriak izan zirela. Ondoren, Petronorrek berak aitortu zuen 30 litro gasoil isuri zituela Barbadun ibaira, baina nabarmendu zuen ez zuela eraginik izan arrainetan, ezta hegaztietan ere.

Beste hainbat alditan ere salatu izan dituzte Petronorren isuriak, izan inguruko bizilagunek nahiz talde ekologistek. Ekologistak Martxan taldeak, gainera, isun handiagoak eskatu zituen urtarrilean petrolio konpainiarentzat. Adibidetzat jarri zuen 2021eko ekainean egindako isuri baten ondorioz konpainiak jasotako isuna. Aldi hartan, Petronorrek 68 litro hidrokarburo isuri zituen, baina 1.774 euroko isuna baino ez zuen jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.