Ukraina

Ukrainara giza laguntza bidaltzeko «pasabide seguruak» eskatu ditu NBEk

Martxan jarri dute Zaporizhiako erreaktoreetako bat. Agintariak iodo pilulak banatzen hasi dira zentralaren inguruan bizi diren herritarren artean.

Zaporizhiako zentrala. ERRUSIAKO LARRIALDIETARAKO MINISTERIOA, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Zuriñe Iglesias
2022ko abuztuaren 26a
16:30
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatu dio Errusiako Gobernuari ahalbidetu ditzala «pasabide seguruak» Ukrainara giza laguntza eraman ahal izateko, negua heldu baino lehen. Kharkiven izan da gaur Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko Ukrainarako ordezkari Denise Brown, eta ohartarazi du herritarrek falta dituztela negua igarotzeko oinarrizko baliabideak: «Erietxeetarako intsulina, etxeetarako mantak, maindireak, erregaia behar dira, eta ate eta leihoak konpondu behar dira».

Zaporizhiako zentral nuklearreko azken bi erreaktoreak deskonektatu ziren atzo Ukrainako argindar saretik. Gaur, baina, haietako bat berriz ere martxan jartzea lortu dutela jakinarazi du Energoatom agentziak. Beste bost erredaktoreak oraindik ere geldirik daude. Atzoko geldialdia sute batek eragin zuen, eta, instalazio nuklearraren historian lehen aldiz, erabat itzali zen zentral nuklearra. Moskuk eta Kievek elkarri leporatu zioten Zaporizhiako zentralari eraso egin izana.

Abian jarri duten erreaktorea, hala ere, ez da ari ohiko moduan lanean, soilik %10ean baizik. Bien bitartean teknikariak lanean ari dira beste bi erreaktoreak ere martxan jartzen. Hala jakinarazi du gaur Zaporizhiako gobernadore Oleksandr Starukhek telebistan egindako agerraldian. Erreaktoreak martxan jarri arteko tartean Ukrainako argindar saretik hartu dute zentrala elikatzeko behar zuten argindarra, ezbeharra saihesteko.

Azken hilabeteetan Ukrainako gerrako protagonista bihurtu da Zaporizhiako zentrala, Europako handiena. Izan ere, Errusiaren kontrolpean egoteaz gain, gerra frontetik oso hurbil dago, eta maiz erori dira misilak handik gertu, hondamendi nuklear bat gertatzeko izua zabalduz. Kievek eskatu dio NBEri eremua desmilitarizatzeko, baina Moskuk ez du halakorik onartu. Atzoko ezustearen ondoren, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ohartarazi du «erradiazio hondamendi» baten aurrean egongo litzatekeela uneotan mundua, erreaktoreak itzalitakoan argindar sorgailuak berehala piztu ez balira, edota teknikariek azkar erantzun ez balute.

Balizko isuri bat gertatuko balitz ere, iodo pilulak banatzen hasi ziren atzo zentralaren inguruan bizi diren herritarren artean. Istripu nuklear baten kasuan, tiroide guruinek iodo erradioaktiboa xurgatzea saihesten dute iodo pilulek.

Datorren astean da iristekoa IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ordezkaritza Zaporizhiara. Ukrainako Energia ministroaren aholkulari Lana Zerkalek gaur jakinarazi duenez, hara nola heldu aztertzen ari dira orain. «Hasieran Errusiak onartu zuen misioa Ukrainiatik iristea Zaporizhiara, baina orain bere esku dagoen guztia egiten ari da iritsi ez dadin», salatu du.

Bestalde, Ukrainako segurtasun indarrek jakinarazi dute Txetxeniako presidente Ramzan Kadirov eta bere bi aholkulari ikertzen ari direla «gerra krimenak» leporatuta. Kadiroven tropak Errusiako armadarekin batera aritu dira gerra hasi zenetik, besteak beste, Mariupolen eta Sverodonetskeko fronteetan. Orain, segurtasun indarrek diote Kadirovek berak zuzendu zituela operazio militar horiek.

Bitartean, Kievek iragarri du ziurrenik frontetik gertu dauden barruti gehiago husteko aginduko duela datozen egunetan, argudiatuta eremu horiek Errusiaren kontrolpean gera litezkeela datozen asteetan, eta bertan bizi direnek arazoak izan ditzaketela erregaia lortzeko.

Uztailean jarri zuen abian Kievek halako lehen neurria, Donetsk ekialdeko eremuetan. Orain, Kharkiv ekialdean, Zaporizhia hegoaldean eta Mikolaiv eskualdean bizi diren emakume, adingabe eta adinekoak aterako dituzte beren etxeetatik. «Ez naiz ari eskualde osoez, baina barruti batzuk nahitaez hustu behar ditugu, eta hori egingo dugu», azaldu du Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek.

Erregai krisia

EB Europako Batasuneko txandakako presidenteak, Txekiako lehen ministro Petr Fialak, aurreratu du erregai krisiari buruzko ezohiko bilera egingo dutela datozen egunetan estatu kideek. Izan ere, Errusiak otsaileko erasoaldia hasi zuenetik gasa lortzeko arazoak dituzte herrialde askok, nahiz eta bide alternatiboak bilatzen hasi. Txekiako Energia ministro Jozef Sikelak ohartarazi du EBk «Errusiaren aurkako energia gerra» hasi duela.

Bestalde, Ipar Mazedoniak iragarri du argindarrari eta gasari lotutako larrialdi egoera ezarriko duela irailaren 1etik aurrera, hiriburuan. Neurriaren arabera, eraikin publikoek %15 murriztu behar dute energia gastua; aldiz, enpresa pribatuei eta etxebizitzei aholkatu egin diete gauza bera egiteko. Duela hamar hilabete, iazko urte amaieran, gauza bera egin behar izan zuen herrialdeak, erregai eskasia zela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.