UPN

Esparzak Nafarroako lemazain ikusten du bere burua: «Gobernatuko dut»

Navarra Suma koalizioa hautsitzat jo du UPNko presidenteak: «PPk finitu du Navarra Suma, baina uste dut ongi konponduko naizela Feijoorekin»

JAVIER ESPARZA, ARTXIBOKO IRUDI BATEAN. PABLO LASAOSA
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 26a
17:44
Entzun

Atsotitzak dio katuak hiru salto behar dituela sagua harrapatzeko, eta UPNko presidente Javier Esparza ere sinetsita dago hirugarren saialdian lortuko duela 2015ean Uxue Barkosek eta 2019an Maria Txibitek kendu zioten aginte makila eskuratzea. «2023an gobernatzera aterako gara eta gobernatuko dugu. Erabat ziur naiz», azaldu du Efe berri agentziari eginiko elkarrizketa batean. «PSNren abstentzioarekin izan daiteke, edo ikusiko dugu nola, baina uste dut Javier Esparza izanen dela Nafarroako hurrengo presidentea».

Esparzak uste du 2023an ez dela aukerarik izanen egungo gobernu akordioa errepikatzeko [PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko koalizioa], eta PSNk «hautetsontzietan ordainduko duela» EH Bildurekin akordioak egin izana. Hori dela eta, Esparzaren helburua da «gutxiengoan gobernatzea, baina gobernua osatu eta beste talde batzuekin akordioak lotzeko aukera emanen duen emaitza batekin». Esparzaren ustez, bukatu da «esperimentuen» garaia: «Zortzi urte daramatzagu lau edo bost alderdiko gobernuekin... Formula horiek soilik balio dute gobernuak garestitzeko eta makro-egiturak sortzeko».

Argi dagoena da Esparza ez dela berriz izanen Navarra Suma koalizioko hautagai, formula hori agortutzat jo baitu: «PPk iragarri zuen datozen hauteskundeetara bere siglekin aurkeztuko dela; gauzak horrela, PPk berak finitu zuen etorkizunean Navarra Sumaren formula errepikatzeko aukera». Hori dela eta, UPNk «bere bidea» eginen duela iragarri du alderdi eskuindarreko buruak. «UPNk bere erabakiak hartuko ditu dagokion unean, uda pasata, lasaitasunez, ez baitugu inolako presarik».

UPNren eta PPren arteko harremanaz, Esparzak esan du ez dutela oraingoz bilerarik aurreikusita, baina entente historikoaren etorkizuna bi alderdietako presidenteek erabakiko dutela: «UPN eta PPren arteko harremanen etorkizuna erabakiko da Feijooren eta Esparzaren arteko bilera batean. Presidente biak aurrez aurre». Hain zuzen, Alberto Nuñez Feijoorekin «ongi» konponduko dela uste du UPNko presidenteak: «Sintonia izanen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.