ARRAUNA

Urdaibaik irabazle sena odolean darama

'Bou Bizkaia'-k denboraldiko seigarren garaipena lortu du Aresen, Galizian. Hirugarren luze hasieran hautsi du estropada. Isuntzak miraria behar du jaitsierako kanporaketako postua saihestu ahal izateko.

jarraia217544.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko abuztuaren 27a
20:43
Entzun

Galiziako uretan jostalari aritu da gaur Urdaibai, Aresen (Galizia). Hasi indartsu, eta hobeto bukatu du Iker Zabalaren kuadrillak, eta modu horretara lortu du denboraldiko seigarren garaipena, Eusko Label ligako hamazazpigarren jardunaldian. Irabazle sena odolean daramate bermeotarrek. Ligako titulua irabazteko borrokan, berriz, Hondarribiari beste puntu bat atera dio, eta, orain, lauko abantaila dauka Ama Guadalupekoa-rekiko.

Galizian ohikoa den bezala, ipar-ekialdeko haize petrala zebilen, eta, eremua itsaso betean ez dagoenez, barrualdean bezala egin zuten arraun, haize olatu ale txiki apurren artean. Horrez gain, marea biziak direla eta, itsaslaster indartsuagoa zuten; arratsaldeak aurrera egin ahala, gero eta gogorrago —17:30ean zen marea goian—. Aldagai horiek kontuan hartuta, aurreneko kaletik zihoazen traineruek kai muturraren babesa zuten lehen hirurehun metroetan.

Zoriak hala erabakita, ligako lehen bi oilarrak elkarren ondoan joan dira: Urdaibai, bigarrenetik; Hondarribia, hirugarrenetik. Lehen kaletik Orio aritu da, eta Donostiarra laugarrenetik. Semaforoa berde jarri orduko, Bou Bizkaia ontzia estropada haustera irten da, eta segituan lortu du lehen abantailatxoa gainerako hiru traineruekiko; pare bat tosta aurretik zen. Soilik Mikel Orbañanosen taldeak eutsi dio bermeotarren joaldiari; izan ere, Orio eta Donostiarra atzean geratzen ari ziren, apurka-apurka.

Urdaibai heldu da lehen postuan aurreneko ziabogara, baina segundo bakarrera zuen Hondarribia. Ioseba Amunarrizen kuadrillak ziaboga azkarra egin du, eta azken estropadetan ez bezala, konfiantzarekin egin dute maniobra. Bou Bizkaia traineruak, ordea, motor handiagoa du istribor aldean, eta maniobraren ostean, segituan bi segundo aurretik jarri da. Bitartean, Orio bost segundora zen, eta Donostiarra seira.

Bigarren luzean, haizeak aurrez aurre jotzen zien patroiei, eta, beraz, makur-makur eginda joan dira, arraunlarien babesean. Urdaibai eta Hondarribia abiadura berean zihoazen, bakoitza bere arraunketa estiloan: bermeotarrek arraunaren pala uretan denbora gutxiago pasatzen dute, baina arraunkada sarriagoan joan ohi dira; hondarribiarrak, aldiz, luzeago eta astiroago. Estiloak estilo, lehen bi taldeak bigarren ziabogara gerturatzen ari zirela, Aranberri patroiak hamarreko indartsu bat jotzeko eskatu die traineruko hamalau arraunlariei, eta hiru segundo aurretik zirela biratu dute traineru urdina. Donostiarra 11 segundora iritsi da, eta Orio hamalaura.

Urdaibaiko patroi zarauztarrak Zabala prestatzaileak igorritako datua jaso bezain laster, haren kuadrillari esan dio; bermeotarrak hanka egiten ari zitzaizkien hondarribiarrei metroak egin ahala, eta seira handitu dute abantaila. Presarik gabe ari ziren arraunean, minutuko 37 arraunkadako erritmoan. Motorra bero-bero eginda zutela, segundoak haien alde erortzen ari ziren. Hain zuzen ere, zortzi segundoko aldearekin egin dute hirugarren eta azken ziaboga. Bou Bizkaia traineruko eskifaiak kareletik ikusi dute Hondarribia nola heltzen ari zen ziabogara. Oriok, Urdaibaik baino hamasei segundo beranduago biratu du trainerua, eta Donostiarrak San Nikolas baino segundo bat geroago.

Maniobraren ostean, Amunarrizek ababor aldera eraman du traineru berdea, Orbañanosek hala aginduta; Aranberrik, aldiz, bigarren kaleari eutsi dio, ontzia azkar baitzihoan. Bai azkar joan ere; hamar segundora zabaldu du Hondarribiarekiko zeukan abantaila. Urdaibai garaipena dastatzen hasia zen bitartean, Ama Guadalupekoa-ko lemazainak ontzia Bermeoko taldearen atzean jarri du, uberan, ur leunetan joateko asmoz. Edonola ere, Urdaibai nagusitu da, eta Hondarribia zortzi segundora helmugaratu da. Oriok lortu du hirugarren postua, eta Donostiarra izan da laugarrena.

Cabok ondo baino hobeto atera dio zukua lehen kaleari, eta gorriak azkarrenak izan dira bigarren txandan, lan biribila egin ostean. Bigarren posturako lehia handia izan dute Getariak eta Kaiku, eta, amaieran, Esperantza nagusitu zaio Bizkaitarrari. Zierbenak, berriz, jipoi galanta hartu du, eta gaurko apalena izan da.

Isuntza, kanporaketara

Santurtzi aise nagusitu da lehen txandan, eta bigarren txandan ariko da bihar, Boiron, Galizian (12:15, ETB 1). Halaber, azken-aurreko postua saihesteko lehian, Mikel Portularrumeren kuadrillak kolpe ederra eman dio Isuntzari; Sotera-k bederatzi puntura handitu du Lekittarra-rekiko duen abantaila sailkapen nagusian. Aldiz, Osertz Aldairen taldeak arratsalde iluna izan du, 11.a izan baita, eta, okerrik ezean, jaitsierako kanporaketan ariko da. Bestalde, Aresek matematikoki agur esan dio Eusko Label ligari; maila galdu baitute, hiru denboraldiz aritu ostean. Halere, Santa Olalla de Lubre traineruko arraunlariek lan duina egin dute etxean, ehunka jarraitzaileen aurrean.

Areseko bandera

1. Urdaibai 19.44,52

2. Hondarribia 8,76ra

3. Orio 17,30era

4. Donostiarra 18,44ra

5. Cabo 37,26ra

6. Santurtzi 39,98ra

7. Getaria 41,18ra

8. Kaiku 43,82ra

9. Ares 44,42ra

10. Ondarroa 46,18ra

11. Isuntza 1.02,56

12. Zierbena 1.06,52

Sailkapen nagusia

1. Urdaibai 184 puntu

2. Hondarribia 180 pt.

3. Donostiarra 172 pt.

4. Orio 158 pt.

5. Getaria 107 pt.

6. Kaiku 94 pt.

7. Zierbena 88 pt.

8. Cabo 80 pt.

9. Ondarroa 74 pt.

10. Santurtzi 74 pt.

11. Isuntza 65 pt.

12. Ares 49 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.