Libia

Baxaghar lehen ministroa atxilotzeko agindu du armadako fiskal nagusiak

Baxagharren miliziak erretiratu egin dira hiriburutik. Herrialdetik ateratzea debekatu diete haren gobernuko hainbat kideri.

Borroketan erretako auto bat, Tripoli hiriburuan. EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 29a
11:05
Entzun

GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministro Fathi Baxaghar atxilotzeko agindu zuen atzo iluntzean Libiako armadako fiskal nagusi Masud Rahumak. Horrez gain, herrialdetik irtetea debekatu eta pasaporteak entregatzeko agindu die Baxagharren gobernuko eledun Othman Abduljalili, zerbitzu sekretuetako buru izandako Osama Juweiliri eta Alderdi Demokratako buru Mohammed Sowani. Leporatzen diete asteburuan 32 hildako eta 159 zauritu eragin dituzten borrokak bultzatu izana.

Baxagharren gertuko miliziek erasoaldia abiatu zuten ostiral iluntzean, Tripoli hiriburuko kontrola bereganatzeko asmotan. Atzo iluntzerako, ordea, atzera egin behar izan zuten, GNU Batasun Nazionaleko Gobernuaren aldeko indarrek garaituta. Izan ere, joan den otsailetik bi gobernu ditu herrialdeak. Egoitza ekialdeko Tobruk hirian duen Ordezkarien Ganberak amaitutzat eman zuen GNUko buru Abdul Hamid Dbeibah lehen ministroaren agintaldia, eta Baxaghar izendatu zuen gobernuburu. Dbeibahk ez zuen aldaketa onartu, eta iragarri zuen karguan jarraituko zuela hauteskundeak egin bitartean.

Presidentetzarako bozak joan den abenduan zituzten egitekoak, baina, segurtasunik eza argudiatuta, hilabetez atzeratu zituen Dbeibahk. Jarraian, ordea, bertan behera utzi zituen, eta ez zuen hauteskundeak egiteko beste egunik jarri. Hori ikusita, Ordezkarien Ganberak amaitutzat eman zuen haren agintaldia. Geroztik, bitan saiatu da Baxaghar Tripoli bereganatzen —Sirten jarri du behin-behineko gobernuaren egoitza—, baina bietan huts egin du.

Dbeibah 2020an heldu zen agintera, nazioarteak sustatutako su etenaren ondoren, eta haren gobernua da nazioartearen babesa duena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.