Ikasturte politikoaren hasiera

Burujabetzaren eztabaida «zentroan» jarriko du EH Bilduk

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin du, eta, besteak beste, burujabetza defendatuko duela berretsi du.

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin du gaur. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 29a
14:29
Entzun

«Euskal Herriak burujabetza behar du», adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak; eta, horregatik, subiranotasuna agenda politikoaren «zentroan» jartzearen alde egingo du koalizioak datorren urte politikoan. «Gure ordez beste batzuek hartzen dituzte erabakiak, eta gure bizitza baldintzatzen dute». Horren aurrean burujabetza defendatuko duela berretsi du EH Bilduk, Euskal Herrian badaudelako «energia intelektual nahikoak» bertan bizi eta lan egiten dutenen artean erabakiak hartu ahal izateko.

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin du gaur, eta, besteak beste, udako balantzea, egungo eta etorkizuneko kezkak, eta planteatzen dituzten erronkak azaldu ditu. Aurtengoa «berrespenaren udara» izan dela azaldu du Otegik, uda honetan «agerian» geratu direlako EH Bilduk azken urteetan egin eta plazaratu dituen hausnarketa eta kezka estrukturalak.

Hausnarketa horietako bat da mundua «talka eta lehia» batean dagoela; besteak beste, hegemonia politiko-militarra eta hegemonia ekonomikoa «zalantzan» daudelako. Koalizioaren arabera, talka hori da munduan gertatzen ari diren hainbat liskarren erantzule. «Elite politiko eta ekonomikoek esaten digute udazken oso gogorra datorrela», adierazi du, eta, horrekin batera, salatu du inork ez duela azaldu zeintzuk diren horretarako arrazoiak. «Jendeari esan behar zaio zergatik iragartzen duten udazken gogor bat, zergatik egongo den energiaren prezioaren igoera basati bat, zergatik egongo den inflazio basati bat...».

Egoera horretan batzuek errua Putini leporatzen diotela azaldu du, Ukrainako gerra hasi zuelako; EH Bilduk, baina, ohartarazi du beste erantzule batzuk ere badaudela: «Gerra luzatzearen aldeko apustua egin duten elite ekonomiko, politiko eta militarrak dira horren erantzule». Horiek horrela, gerra gelditzeko beharra nabarmendu du, eta, horretarako mahai batean negoziatu eta egoerari irtenbide politiko bat bilatu behar zaiola. Hori eginez gero «segur aski» gaur egun dauden arazo ekonomiko «asko» konpontuko liratekeela uste du koalizioak.

Horrez gain, herritar gehiengoak babesteko itunak eta akordioak osatu beharraz aritu da Otegi, eta, bide horretan, gogorarazi du hemendik aste batzuetara EH Bilduk proposamen zehatz bat planteatuko duela «ongizatearen defentsan». Klima aldaketari ere erreparatu dio koordinatzaile nagusiak: «Kapitalismoak etengabean garamatza espeziearen bizitza arriskuan jartzera». Arazo horri «benetan» aurre egiteko, naturarekin itun berritu bat egin behar dela ohartarazi du, neurri «oso zorrotz eta estrukturalekin».

Erronka horiek guztiak planeta osoan planteatzen diren arren Euskal Ereduarekin euskaldunak arazo horien aurrean zenbait ekarpen egiteko gai direla gogorarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.