IRAK

Al-Sadrek iragarri du «behin betiko» erretiratuko dela politikatik, eta haren jarraitzaileek presidentetzaren egoitza hartu dute

Irakeko kleriko xiitak nabarmendu du alderdiek eragindako «desitxuratzea konpondu» nahi izan duela bere jardunarekin. Beste batzuetan ere iragarri izan du politika utziko zuela. Agintariek etxeratze agindua ezarri dute herrialde osoan.

Al-Sadrren jarraitzaileak, gaur, presidentetzaren egoitzara indarrez sartzen. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 29a
17:35
Entzun

Paralisi politiko bat nozitzen ari dira Iraken, eta Muqtada al-Sadrek gaur plazaratutako erabakiak ez dirudi balioko duenik paralisi horrek eragindako tentsio politiko eta soziala baretzeko. Alderantziz. Kleriko xiitak iragarri du «behin betiko» erretiratuko dela politikatik, eta, ordu batzuk geroago, haren jarraitzaileak indarrez sartu dira gobernuaren zenbait egoitzatara; besteak beste, presidentetzaren jauregira. Agintariek etxeratze agindua ezarri dute herrialde osoan. Iazko urrian egin zituzten parlamenturako hauteskundeak, baina oraindik ez dute lortu gobernua osatzeko akordiorik.

Herrialdeko buruzagi xiita nagusiaren milaka jarraitzaile parlamentuaren eraikinaren kanpoaldean daude kanpatuta uztailaren amaieratik, eta horietako ehunka izan dira gobernuaren egoitzetara indarrez sartu direnak. Sokak baliatu dituzte eraikinak inguratzen dituzten zementuzko hesiak botatzeko. Klerikoaren jarraitzaileak bai Bagdad hiriburuan eta bai herrialdeko beste hiri batzuetan atera dira kalera, eta, Nina Irakeko berri agentziaren arabera, gutxienez zortzi pertsona hil ziren eraikin ofizialen inguruko protestetan.

Al-Sadrek beste batzuetan ere iragarri du politika utziko zuela. Oraingo iragarpena Twitterreko mezu baten bidez heldu da; hain zuzen, egoera onbideratzeko proposamen bat egin eta bi egunera. Lider erlijiosoak planteatu zuen, joan den larunbatean, prozesu politikotik kanpo geratu daitezela 2003az geroztik politikan jardun duten alderdiak —urte hartan herrialdea inbaditu zuten AEBek, eta Saddam Hussein Irakeko lider gorena izandakoa atxilotu zuten—, berea barne, iritzita «ustelduta» daudela. Adierazi zuen erreformarik ez dela egongo gaur egungo alderdiek jarraitzen badute. Nabarmendu zuen, bide batez, beste buruzagi politikoekin akordio bat sinatzeko prest zegoela, eta 72 orduko epea ezarri zuen horretarako. Gaurko mezuan ez du argi adierazi zergatik erretiratuko den, baina azaldu du azken bi hamarkadetako bere jardunarekin «konpondu» egin nahi izan duela alderdiek eragindako «desitxuratzea».

Baina politikan jarraitzeari uko egin dio berriro. Iragarpenaren ondoren, Barham Saleh Irakeko presidentea Mustafa al-Kazemi jarduneko lehen ministroarekin, eta parlamentuko buruzagiekin eta botere judizialekoekin bildu zen, eta adostu zuten «elkarrizketa nazionalerako» foroko beste bilera bat egitea asteon. Al-Sadr ere gonbidatu dute batzarrera. Abuztuaren erdialdean egin zuten lehen bilera, eta kleriko xiitak boikotatu egin zuen.

Egoera «oso-oso arriskutsua»

NBE Nazio Batuen Erakundearen Irakerako misioak ohartarazi du Al-Sadren erabakiaren eta ondorengo mugimenduen ondorioz «oso-oso arriskutsua» dela egoera Iraken. Baretzeko eta Polizia indarrekin «kooperatzeko» deia egin die misioak herritarrei, ohar baten bidez. «[Irakeko] Estatuaren biziraupena dago jokoan».

Iraken inoiz ez dira hainbeste denbora egon gobernurik gabe. Al-Sadren alderdiak irabazi zituen bozak iazko urrian, baina klerikoak duela bi hilabete eskatu zien bere alderdikideei uko egiteko, ezin izan baitzuen berak nahi zuen gobernua osatu, Iranen gertukoak diren beste buruzagi xiita batzuk alboratuz. Orduan, beste buruzagi horiek hartu zuten gobernua osatzeko ekimena. Al-Sadren jarraitzaileak parlamentuaren eraikinera sartu ziren uztail amaieran, eta eragotzi egin zuten klerikoaren kontrario politikoek lehen ministro eta presidente berriak izendatzea.

Horrekin guztiarekin lotuta, Irakeko Auzitegi Gorena bihar da jakinaraztekoa ea aholkatuko duen parlamentua bertan behera uztea ala ez. Indargabetu dezala eskatu dio Al-Sadrek azken egunetan. Gorenak erantzun du, ordea, aholku bat eman dezakeela, baina herrialdeko konstituzioa eskuan ganberari berari dagokiola erabaki hori hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.