Donostiako 70. Zinemaldia

Lau estreinaldi izango ditu Made in Spain sailak

Carlos Boyero zinema kritikariari buruzko dokumental bat eta Tequila musika taldeari buruzko beste bat emango dituzte

'El color del cielo' filmarekin hasiko da Made in Spain saila. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2022ko abuztuaren 30a
11:43
Entzun

Made in Spain Donostiako Zinemaldiko lehiaketaz kanpoko sailak hamahiru film luze emango ditu 70. ekitaldian. Horietako lau estreinaldiak izango dira, eta gainerakoak, berriz, aurretik beste zinema jaialdi batzuetatik igarotakoak.

Estreinaldia izango da, hain zuzen ere, saila inauguratuko duen filma, Joan-Marc Zapatak (Bartzelona, 1989) zuzendutako El color del cielo. Zinema izar ezagun batek eta filosofo batek Suitzan izandako topaketa kontatzen du, eta Marta Etura eta Francesc Garrido ditu protagonista.

Beste estreinaldietako bat Entre montañas izango da, Unai Canelak (Bartzelona, 2004) zuzendutako lehen film luzea. Pandemiaren garaian, Pirinioetako herri txiki batean konfinatu zen Canela, eta bere burua filmatu zuen han, naturarekiko lotura eta harremana erakutsiz.

Made in Spain saileko gainerako bi estreinaldiak dokumentalak izango dira. Alvaro Longoriak (Santander, Espainia, 1968) Tequila musika taldearen historia eraman du zinemara Tequila. Sexo, drogas y rock and roll filmean. Bestetik, Juan Zabalak (Tolosa, Gipuzkoa, 1964) eta Javier Morales Perezek (Madril, 1973) El crítico aurkeztuko dute Donostian, Carlos Boyero zinema kritikari espainiarri buruzko dokumentala.

Estreinaldiez gain, beste zenbait jaialditatik igarotako filmak ere izango dira Made in Spain sailean: Alcarràs (Carla Simon), El amor en su lugar (Rodrigo Cortes), La amiga de mi amiga (Zaida Carmona), La maniobra de la tortuga (Juan Miguel del Castillo), Llenos de gracia (Roberto Bueso), Mi vacio y yo (Adrian Silvestre), Teneis que venir a verla (Jonas Trueba) eta Tourment Sur Les Îles / Pacifiction (Albert Serra)

Carlota Gonzalez Adriok (Bartzelona, 1996) zuzendutako La casa de los cactus filmari egokituko zaio saila ixtea. Elias Kerejeta zine eskolako ikasle ohia da Gonzalez Adrio, eta suspensez beteriko thriller emozional bat aurkeztuko du Donostian, ezezagun bat agertzean elkarbizitza aldatuko zaion familia idiliko bati buruzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.