Espainiako Vuelta

Evenepoelek lidergoa sendotu du

Flandriarrak irabazi du erlojupekoa, eta aurretik zeukan aldea handitu du. Roglic bigarren da orain.

Remco Evnepoel, gaur, erlojuaren aurkako saioan. JAVIER LIZON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 30a
18:07
Entzun

Remco Evenepoelek (Quick-Step) ez zuen ustekaberik nahi, eta ez die aukerarik txikiena ere utzi aurkariei. Flandriarrak irabazi du bakarkako erlojupekoa, eta lidergoa sendotu du. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) ez du erlojupeko txarra egin. Bigarren izan da, baina 48 segundo galdu ditu azkenean. Hala ere, bigarren da orain sailkapen nagusian, Enric Masen aurretik (Movistar).

Hiru txirrindulari gutxiagorekin itzuli da Espainiako Vuelta atseden egunaren ostean, Mathias Norsgaardek (Movistar), Jarrad Driznersek (Lotto) eta Ethan Hayterrek (Ineos) positibo eman baitute COVID-19an. Guztira, hamahiru txirrindularik utzi dute jada Espainiako Vuelta COVID-19agatik. Elxetik Alacantera (Herrialde Katalanak) ia 31 kilometro egin dituzte txirrindulariek ibilbide lau batean, eta beroari, hezetasunari eta haizeari aurre egin behar izan diete. Espezialistentzat oso ibilbide aproposa zen, eta taldeburuen artean esperotako aldeak ikusi dira. Evenepoel eta Roglic ziren hautagai nagusiak, eta hala izan da azkenean.

Remy Cavagnarena (Quick-Step) izan da kontuan hartzeko lehenengo denbora. Bizi egin du frantziarrak ibilbidea –54 kilometro orduko, batez beste–, eta, hala, etapa irabazteko hautagai bilakatu da. 120 txirrindulari irten dira haren atzetik, eta, faboritoak iritsi arte, ez du inork hobetu haren denbora.

Arratsaldea aurrera joan ahala, haizeak behera egin du, eta hori ere alde izan dute sailkapen nagusirako lehian ari direnek. Pavel Sivakovek(Ineos) eta Roglicek frantziarraren denbora bera egin dute lehenengo mugarrian, baina Evenepoelek aise hobetu du denbora hori. 21 segundo gutxiago behar izan ditu mugarri horretan, eta 36 hurrengoan.

Azkenean, Evenepoelek irabazi du etapa, eta hasi aurretik zeukan aldea handitu du. Roglicek 48 segundo gehiago behar izan ditu, baina Mas aurreratu du sailkapen nagusian. Balear Uharteetako txirrindulariak ia bi minutu galdu ditu helmugan. Sailkapen nagusian, Evenepoel da oraindik lider. Roglic 2.41era dago orain, eta Mas 3.03ra. Simon Yatesek (BikeExchange) bosgarren postua kendu dio Juan Ayusori (UAE).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.