Gizonezkoen sailkatze estropada

Hondarribiak egin du denborarik onena

'Ama Guadalupekoa'-rekin batera, Zierbena, Orio, Getaria, Urdaibai, Kaiku eta Ondarroa sartu dira Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Cabo kanpoan geratu da, 1,98 segundora.

Hondarribia, sailkatze estropadan, gaur. ANDONI CANELLADA, FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko abuztuaren 31
17:45
Entzun

Irabazteko gutxi eta galtzeko asko dagoen urteko zitarik garrantzitsuena izan ohi da Kontxako Banderako sailkapen estropada. Eta itsaso petrala badago, are gehiago jar dezake arriskuan talde baten edo bestearen jarduna. Patroien dohaina eta abilezia erakusteko estropada zen arren, kiniela guztietan zeuden sei traineruak sailkatu dira: Hondarribia, Zierbena, Orio, Urdaibai, Getaria eta Kaiku. Zazpigarren posturako lehian, Ondarroak eta Cabok borroka estua izan dute. Azkenean, Antiguako Ama-k lortu du txartela, eta, gisa horretara, azken urteetako mamuak uxatu ditu. Aldiz, Caboko gorriak zorigaiztoko zortzigarren postuan geratu dira, bizkaitarrengandik 1,98 segundora.

Hondarribiak ez du ezer ere ezkutatu, eta, bai kanporanzko luzean bai poparean, maila ikusgarria eman du Ama Guadalupekoa traineruak. Denborarik onena egin du lehen ziabogan. Berdeen atzetik, hurrenkera honetan geratu dira: Zierbena, Orio, Urdaibai, Kaiku, Getaria eta Cabo. Galiziarrak une horretan zazpigarren postuan ziren; Ondarroa, berriz, zortzigarren.

Itzulerako luzean, olatuak ez ziren handiak, baina bai nahikoak ontziari abiadura emateko. Hondarribiak hegan egin du, eta Zierbenak ordura arte egindako denborarik onena laburtu du, hamasei segundo. «Beroketa on bat egin ostean, arraunean oso gustura aritu gara, eta lan ederra egin dugu. Gainerako taldeak ez dakit nola joango ziren», esan du Manex Aldai arraunlariak. Jon Elortegiren taldea, berriz, gustura geratu da egindako lanarekin. «Ligan ez dugu asmatu, eta gure helburua sartzea zen, eta lortu dugu; pozik gaude», esan du Ibon Maiz arraunlariak, lehorreratu eta berehala.

Hirugarren postuan Orio sailkatu da. «Galtzeko gehiago izaten den estropada bat da hau. Uste baino gehiago sufritu dugu, baina barruan gaude. Igandean gure lana ondo egin eta irabaztera joango gara», esan du Ibon Arruti arraunlari beteranoak. Jon Salsamendi taldearen atzetik Getaria geratu da. 49 urteren ostean, Esperantza Kontxako Banderako bi jardunaldietan ariko da. «Lehen ez genuen amestu ere egiten. Aurten aukerak genituen, eta lortu dugu. Herri osoari eskertzen diogu», azaldu du Eñaut Silbetik, hunkituta.

Bosgarren lekuan Urdaibai geratu da. Kontxako Bandera irabazteko hautagai nagusiak ez du esperotako lana egin, baina gaurko helburua bete dute Iker Zabalerenek. «Urruti samar geratu gara. Ez gara batere eroso aritu. Barruan gara, eta iganderako prest gaude», adierazi du Jon Unanue Bou Bizkaia-ko arraunlariak.

Kaikukoak ere pozez gainezka zeuden, seigarren postuan geratu ostean. «Lan onik egiten ez bagenuen, kanpoan geratuko ginen. Lehen luzean egindako lan onagatik gaude barruan», azaldu du Beñat Apraizek.

Ondarroak bigarren luze bikaina egin du, eta Cabori aurrea hartzea lortu du. Antiguako Ama-ko arraunlariak zazpigarrenak zirela jakitean pozaren pozez lehertu dira, azken aldietan kanpoan geratu baitira; behin baino gehiagotan zortzigarren postuan. «Oso estua izan da estropada, gogorra. Ondarroarentzat ikaragarria da Kontxarako sailkatzea. Behin sartuta, guztia emango dugu», esan du Iñigo Larrinaga patroiak.

Inork nahi ez duen postuan amaitu du Cabok: zortzigarren. Lur jota zeuden galiziarrak altxerrian. «Kostako zaigu hau guztia barneratzea, baina burua altxatu behar dugu», esan du Anxo Martinez arraunlariak.

Galbahea igarota, igandeko txanden zozketa egin da, eta honela banatu dira: lehendabizikoan, Orio, Getaria, Hondarribia eta Kaiku ariko dira; bigarrengoan, Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Ondarroa.

Kontxako Banderako sailkatze estropada

1. Hondarribia 19:43.72

2. Zierbena 16,54ra

3. Orio 19,02ra

4. Getaria 21,84ra

5. Urdaibai 25,86ra

6. Kaiku 26,12ra

7. Ondarroa 26,24ra

8. Cabo 28,34ra

9. Isuntza 37ra

10. Ares 44,62ra

11. Bueu 53,98ra

12. Meira 54,72ra

13. San Pedro 55,36ra

14. San Juan 1.06,48ra

15. Zarautz 1.12,70era

16. Pedreña 1.13,30era

17. Arkote 1.21,88ra

18. Zumaia 1.27,20ra

19. Lapurdi 1.37,44ra

20. Castropol 1.43,36ra

21. Deustu 1.46,10era

22. Castro 2.02ra

23. Hibaika 2.13,24ra

24. Mutriku 2.22,94ra

* 24 talde, A eta B multzoetan banatuta, eta zazpi aurrenekoentzat saria.

* Estropadaren antolakuntzak debekatu egin du traineruen nabigazioa bizkortzen duten pegatinak erabiltzea.

* Antxerritik. Jon Ander de la Hoz: 'Hamaika arrazoi'.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.