Babaz betetako hatz artetik irrist egiten du izerdi hotzak, pare bat astean esan dizkizutenak burmuinean biraka hasi orduko. Eupadak zein erreguak jaso dituzu azken egunetan. Bete zaitu urte luzez hamaika lekutan marroiz aritu, eta irailean Donostian sekula egin gabe geratutakoaren ilusio benetakoak. Herriko balkoiak banderaz jantzita ikusteak. Astebete lehenago arrantzara joan behar izan duenaren penak: «Asteazkenean zapia jarriko diat, Senegalen egonda ere».
Aurten tostartetik kanpo geratu den kuadrillakoaren keinu konplizeak. Akordatu zara lortuz gero gurpil aulkitik jaikiko den mandatari ohiaz. Kasu horretan gertutik zaindu beharko den egungo mandatariaz, gehiago. Zuri-beltzeko argazkiak tindatu nahi dituen agureaz. Gurasoen begien dirdiraz.
Ilusioak hartu du Getaria. Nork bere arrazoiak ditu Kontxako Banderarekin pizteko. Askok jaia soilik dute gogoan. Kluba atea ixtekotan zegoenean bizitakoak dituzte eutsi ziotenek. Behinola loriatsu izandako garaituaren lasta arindu nahia, bakarren batek. Bada lokalismorik merkeena ezker-eskuin haizatu nahi duenik ere. Gehienek, ordea, herriko elkartearekiko abegia eta txera dute supiztaile.
Getariako gizonezkoak 2001ean aritu ziren Kontxan azkenekoz. Zumaiarrekin, gustura. Halere, bestelako grazia du bakarka egiteak. 1973an jazo zen hori azkeneko aldiz. Hain justu, Getariak irabazi zuen urte hartako sailkatze estropada. Aurten, zazpigarrenetik gorako edozein postuk lehertuko luke aurrez aipatutakoen poza.
Ikusi gehiago:Guztiak arraunlari

Arrauna. Kontxako Bandera. ANTXERRITIK
Hamaika arrazoi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu