Langabezia

Lan merkatua udazken hotz baten atarian

Ohi bezala, abuztuan langabezia igo egin da Hego Euskal Herrian: 2.085 gehiago. Eta 13.621 afiliatu gutxiago daude Gizarte Segurantzan. Martxotik lehenengo aldiz, enplegua galdu da industrian, eta turismoaren susperraldiak eragin txikia izan du zerbitzuen sektorean

jarraia217748.jpg
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 2a
09:53
Entzun

Uda honetan lan merkatuak ez ditu nabaritu inflazio handiaren ondorioak, ez behintzat kopuruetan, eta aurreko urteetako joerari eutsi dio. Ohi bezala, enplegua galdu da abuztuan: uztailean baino 2.564 langabetu gehiago zenbatu ditu SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak Hego Euskal Herrian. Eta Gizarte Segurantzan ere afiliatuen kopuruak behera egin du: 13.621 gutxiago. Dena den, serie historikoari erreparatuta, emaitza horiek oso antzekoak dira aurreko urteetako abuztu gehienekin konparatuta, eta bereziki pandemia aurreko bi urteetakoekin: 2018an eta 2019an ere 13.000 afiliatu gutxiago zenbatu ziren. Kontuan hartu behar da uztaila eta batez ere abuztua oso hilabete kaskarrak izaten direla afiliazioari dagokionez; hezkuntzan, adibidez, milaka lanpostu galtzen dira, ikasturtearen hasierarekin itzultzen direnak. Horiek horrela, langabeen kopurua azken hamarkadako txikiena da oraindik ere, eta handiena da afiliatuen kasuan.

Hala ere, eragile ekonomikoen artean kezka nagusitzen hasi da, ostertzean ageri diren hodei gero eta beltzagoengatik. Ezohiko inflazioak asko garestitu ditu enpresen produkzio kostuak, eta ikusteko dago horrek enpleguan nola eragingo duen. Pandemiaren hilabete gogorrenak gainditu ondoren, lan merkatua indartsu mantendu da aurten, baina moteltze ekonomiko baten lehen sintomak agertzen hasi ziren bigarren hiruhilekoan, Ukrainako gerraren hasierarekin batera. Hala, urte hasieran egindako hazkunde aurreikuspenak berrikusten ari dira erakunde gehienak. Gero eta ahots gehiagok diote udazkenean goranzko joera hartuko duela langabeziaren kurbak, baina inor gutxi ausartzen da zenbatean eta zer erritmotan gertatuko den zehaztera.

Udako kontratuak

Bereziki industriak eta zerbitzuen sektoreak bultzatu dute urteko lehen erdiko hazkunde ekonomikoa, baina, hilabetetik hilabetera, gero eta enplegu gutxiago sortu dute, eta martxotik lehenengoz egin du gora bi sektore horietan langabeziak.

Oporrak hastearekin batera udako hilabeteetan ohikoa izaten den enpleguaren galera orekatu egin ohi da zerbitzuen sektoreak eta bereziki ostalaritzak udako kanpainari begira egiten dituzten kontratuekin, baina aurten ez da horrela izan, ez behintzat abuztuan.

Sektore horretan ohikoa da kontratu gehienak abuztua iritsi aurretik egitea; hala gertatu da aurten ere, baina iazko abuztuan baino kontratu gutxiago egin dira, beharginen beharra areagotu egin den arren uda honetan turismoak izan susperraldi handia izan duelako. Uztailetik abuztura 2.444 lanpostu galdu dira, iaz epe berean baino 432 gehiago. Gainera, kontuan hartu behar da uztailean ere gora egin zuela langabeen kopuruak zerbitzuen sektorean. Industrian, berriz, 505 lanpostu galdu dira abuztuan, iaz hilabete berean galdutakoen oso antzeko kopurua.

Aldi baterako kontratu gehiago

Guztira, 82.688 kontratu sinatu dira abuztuan. Horrek ere erakusten du geldialdi txiki bat gertatu dela: uztailean baino 15.402 gutxiago izan dira, eta, iazko abuztuarekin alderatuta, 3.461 gutxiago. Pandemia aurreko abuztuetako datuekin konparatuta, are handiagoa da jaitsiera: 2019an baino 15.000 kontratu gutxiago egin dira.

Kontratu motari dagokionez, azken hilabeteetako joera bat hautsi da: handitu egin dira aldi baterako kontratuak, 2,2 puntu uztailetik. Egindako kontratu guztien %23,3 behin-behinekoak izan dira abuztuan. Goizegi da jakiteko aldaketa hori egonkortuko den. Gainera, udako lan merkaturen berezitasunengatik ere gertatu da hori, gisa horretako kontratu gehienak zerbitzuen sektorean eta bereziki ostalaritzan egiten direlako.

Azken lan erreforma indarrean jarri eta aldi baterako kontratazioa mugatu zenetik, ugaritu egin dira kontratu finkoak, eta bereziki martxotik aurrera, erreforma osorik indarrean sartu zenetik. Abuztu honetan ere izan du eraginik horrek. Izan ere, aurreko urteko abuztuan %6,26 izan ziren kontratu mugagabeak eta aurten %23,3 izan dira.
Edonola ere, horietako asko aldizkako kontratu finkoak dira, eta ez dute bermatzen urte osoko jardunaldia, ezta lanaldi osokoak izatea ere. Espainiako enplegu zerbitzu publikoak ez du lurraldeka zehazten egindako kontratu finko guztietatik zenbat diren lanaldi osokoak. Espainian, %43 baino ez dira.

ERREAKZIOAK

Eusko Jaurlaritza: «Datuak ez dira inolako joeraren aurrekariak. Enpleguak portaera bera izaten du abuztu guztietan. 2007an, langabezia teknikoko tasekin geundenean ere, ia 15.000 pertsona gutxiago zeuden afiliatuta»

Nafarroako Gobernua: «Zalantzaz beteriko egoera batean, gure lan merkatuak erakutsi du sendotasunez erantzuteko gai dela»

ELA: «Datuek erakusten dute egoera negatiboa dela, eta datozen hilabeteetan gerta daitekeenaren berri ematen dute»

LAB: «Industrian izaniko beherakadak erakusten du sektore horrek gure herrian pisua galtzen jarraitzen duela»

CCOO: «Lan erreformak ez ditu udako kontratuen behin-behinekotasuna eta enpresen jardunbide txarrak saihesten, baina enpleguak egonkortzen jarraitzen du»

UGT: «Administrazioak gehiago zaindu beharko lituzke aldi baterako kontratuetan egiten diren irregulartasunak»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu