Arrauna. Kontxako Bandera

Oriok bi segundo atera dizkio Arraun Lagunak-i lehen jardunaldian

Denboraldiko bi trainerurik indartsuenak buruz buru ibil dira Kontxan ere. Hondarribiak eta Donostiarrak osatuko dute ohorezko txanda bigarren jardunaldian.

Baldintza onetan egin dute arraun gaur Kontxako Banderan. JON URBE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 4a
11:35
Entzun

Ez da ezustekorik izan Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Orioren eta Donostia Arraun Lagunak-en arteko lehia estua egongo zela espero zen, eta aurreikuspenak guztiz bete dira. Bigarren txandan aritu dira udako bi indartsuenak, eta buruz buruko borroka ederra izan dute. Batek jo eta besteak erantzun. Itzulerako luzean, Santa Klara uhartea igaro ostean, Oriotarrek abiadura handiagoa eman dio San Nikolas ontziari, eta, amaieran, Patxi Francesen taldeak 2,16 segundoren aldea atera dio LugaƱene-ri. Banderarako lehia zabalik dago oraindik ere. Ahor arraunzaleek nahi zuten berdintasuna.

Itsasoari dagokionez, olatuak hutsaren hurrengoak ziren; haizeak, berriz, ipar ipar-mendebaldetik ahul jotzen zuen. Halere, goizak aurrera egin ahala, zertxobait harrotuko zela iragarrita zegoen. Marea, berriz, 10:52an izan da goian, eta, beraz, bigarren txandan aritu diren Oriok, Arraunek, Donostiarrak eta Chapelak itsaslaster handiagoa izan dute.

San Nikolas eta LugaƱene ontziek Hondarribiak lehen txandan egindako denbora izan dute erreferentzia gisa; izan ere, Ama Guadalupekoa Tolosaldeari nagusitu zaio, bi segundoren abantailarekin. Kontuak kontu, semaforoa berde jarri orduko, txanpa bizian atera dira ohorezko txandako lau traineruak. Lehen minutua bete denean, Oriok estropada burua hartu du. Arraun Lagunak-i segundo bat ateratzen zion, eta hiru Donostiarrari eta Chapelari. Estropada bitan hausteko zorian zen, eta hala gertatu da.

Francesentaldea izan da ziabogara heldu den lehen taldea, baina Arrauni pare bat tosta baino ez dizkio sartu. Tolosaldeak ere denbora bera egin du. Donostiarra, berriz, seira heldu da, eta Chapela hamazazpira. Galiziarrak uste baino atzerapen handiagoa izan dute.

Olatu apurrek laugarren kaletik lehen kalerako norabidea zutela kontuan hartuta, Agirrek lehen kaletik bigarren kalera eraman du San Nikolas; Andrea Astudillo Arrauneko lemazainak, berriz, bere kaleari eutsi dio, hirugarrenari. Segundo batean ziren bi ontziak. Santa Klara uhartea heldu direnean, ordea, Oriok olatu koxkor batzuk hartu ditu, baita aldea handitu ere. Une batez, GPS-ak hiru segundo markatzen zituen horien alde. Kosta ahala kosta, abantaila horri eusten ahalegindu dira Francesen kuadrilla; Juan Mari Etxabek prestatutako taldeak, berriz, palakadak sarritu ditu, estropada burua ez galtzeko asmoz.

Amaieran, Oriok egin du Kontxako Banderako lehen jardunaldiko denborarik onena, eta Arrauni 2,16 segundo atera dizkio. Hirugarren postuan Hondarribia geratu da sailkapen nagusian, hamabi segundora. Donostiarrak laugarren postuan amaitu du, hamahirura, eta hiru talde horiekin batera ariko da datorren igandeko ohorezko txandan, bigarren jardunaldian.

Tolosaldeak bosgarren egin du, eta, beraz, lehen ariko da datorren igandean, Hibaikarekin, Caborekin eta Chapelarekin batera.

Kontxako Banderako lehen jardunaldia

1. Orio 10.37,52

2. Arraun Lagunak 2,16ra

3. Hondarribia 12,95era

4. Donostiarra 13,30era

5. Tolosaldea 15,31ra

6. Hibaika 20,39ra

7. Cabo 22,13ra

8. Chapela 37,66ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.