Arrauna. Kontxako Bandera

Zazpi segundoren aldea du Urdaibaik

Bermeotarrek itzulerako luze zoragarria egin dute. Hondarribiak, Donostiarrak eta Getariak osatuko dute ohorezko txanda. 

Getariako arraunlariak, gaur, Getarian. Eguneko irabazleetako bat izan da 'Esperantza'. JON URBE / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 4a
12:52
Entzun

Sailkatze estropadakoa salbuespena izan zela erakutsi du Urdaibaik. Bermeotarrek ez zuten estropada ona egin asteazkenean, baina aurkakoa egin dute lehen jardunaldian. Itzulerako luze bikain bati esker 19.21eko denbora egin dute, eta, Hondarribiarekiko zazpi segundoren aldearekin iritsiko dira bigarren jardunaldira. Hirugarren Donostiarra izan da, ehuneneko gutxi batzuengatik.

Kontxako badia bare-bare zegoen, Donostiako Aquariumaren eta Santa Klara uhartearen babespean. Kanpoan, aldiz, bazen nahiko mugimendua, nahiz eta olatu koxkorrak izan. Haizeari zegokionez, ipar, ipar-mendebaldetik jotzen zuen, batez beste hamar kilometro orduko abiaduran. Bigarren txandan aritu da gaurko garailea, Urdaibai, bigarren kaletik. Lehen kaletik Donostiarra joan da, hirugarrenetik Ondarroa, eta Zierbena laugarrenetik. Txanda horretako bi ontzi indartsuek, Bou Bizkaia-k eta Torrekua-k, Hondarribiak egindako denbora zuten erreferentzia gisa: 19.29,20. Semaforoa berde jarri orduko txanpa bizi-bizian irten dira laurak.

Ikusi gehiago:Oriok bi segundo atera dizkio Arraun Lagunaki lehen jardunaldian

Donostiarrak, Kontxako Bandera preziatua irabazteko faboritoetako bat zela jakitun, indartsu ekin dio estropadari, baita lehen postuaren jabe egin ere. Hori bai, harrokeria handirik gabe; izan ere, haren ondoan zihoan Urdaibai, albo-alboan zeukan. Arraunkadaz arraunkada, dotore asko joan dira brankaz, eta Zierbena eta Ondarroa atzean utzi dituzte. Halaber, Santa Klara uhartea igaro ostean, bi oilarrek lau segundo ateratzen zizkioten Hondarribiari, lehen txandan nagusitu den taldeari.

Donostiarrako arraunlariak sendo aritu dira arraunean, pala uretan ongi pasatuz. Arkaitz Diazek traineruko bi hankekoei hamarreko bat jotzeko eskatu die. Esan eta egin. Joaldi horri esker, hain zuzen, Urdaibairekiko zeukaten aldea handitzea lortu dute, lau segundora. Igor Makazagaren taldea abantaila horrekin heldu da ziabogara, eta Hondarribiari hamar segundo eder atera dizkio. Zierbena txandako hirugarrena izan da, hamabira, eta Ondarroa 30era.

'Bou Bizkaia'-ren erauntsia

Maniobraren ostean, Urdaibai Donostiarraren pare jarri da, baina minutuak aurrera joan ahala, Hondarribiarekiko zeukaten aldea sei segundora laburtu da. Orduan heldu da Bou Bizkaia-ren erauntsia. Bermeotarrek arraunketa sendotu, eta aparrak atera dizkiote itsasoari, baita Donostiarrari hanka egin ere. Lehenago, ordea, bi taldeak parean zeuden unean, itsasoko epailea bien tartean sartu da, elkarren artean palak ez jotzeko xedez. Kaiarribaren iritziz, ostera, epaileen ontziak sortutako olatuek «kalte» egin diote Torrekua-ri, eta, horregatik, ezin izan diote Urdaibairi eutsi. Bada, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Donostiarrako klubak kexa igorriko die Kontxako Banderako antolatzaileei.

Bitartean, traineru urdina hegan zihoanez, Aranberrik ez zuen nahi arriskatu, eta bigarren kaleari eustea erabaki du. Baita asmatu ere; segundoak Bermeo aldera erortzen ari baitziren. Urdaibaik Santa Klara uhartearen ingurumarian, Donostiarrari zortzi segundo ateratzen zizkion, eta hamar Hondarribiari.

Behin Kontxako badiara sartu direnean, Aranberrik arraunlariei eskatu die arraunkaden erritmoa sarritzeko. Berehala bete dute zarauztarraren agindua. Herio betean egin dituzte azken metroak, eta lehen jardunaldiko azkarrenak izatea lortu dute. Amaieran, Hondarribia Donostiarra baino sei ehunen lehenago helmugaratu da; Urdaibairengandik zazpi segundora. Zierbena izan da txandako hirugarrena, 36ra, eta Ondarroa 1.03ra. Kontxako Bandera preziatuaren lehiarako, Iker Zabalaren taldeak 7,64ko altxorra dauka alde.

Getaria izango da hiru oilarrekin batera —Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarra— datorren igandean ariko den taldea. 49 urteren ostean, Kontxako Banderarako sailkatu zen Esperantza joan den asteazkenean, eta, estropadaren atarian, Unax Izagirre patroiak argi esan du: «Ez dugu presiorik, baina ez gatoz jolaserako». Ez horixe. Ion Larrañagak prestatutako taldeak lan bikaina egin du, eta Oriorekin izandako lehia ikusgarriaren ostean, txandako bigarren postua eskuratu dute getariarrek. Baita sari handia jaso ere: bigarren jardunaldian ohorezko txandan aritzea. Lehen txandan berriz, Orio, Zierbena, Kaiku eta Ondarroa ariko dira.

Ikusi gehiago:Horrela jarraitu du BERRIAk

Kontxako Banderako lehen jardunaldia

1. Urdaibai 19.21,56

2. Hondarribia 7,64ra

3. Donostiarra 7,70era

4. Getaria 23,42ra

5. Orio 29,02ra

6. Zierbena 36,84ra

7. Kaiku 56,74ra

8. Ondarroa 1.03,58ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.