Alderdiak

Donostiako Ezker Anitzako zinegotzi batek dimisioa eman du taldeko bozeramaileari jazarpena egotzita

Ezker Anitza-IUk Aitzole Aranetari egotzi dio Haizea Garairi jazarri izana, baita haren aurka «indarkeria fisikoa zein hitzezkoa» erabiltzea ere. Dena ukatu du Aranetak, eta esan du ez duela Garairen arrazoien berri.

Aitzole Araneta, Iruñean, iaz. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 4a
20:09
Entzun

Haizea Garai Donostiako Elkarrekin Podemoseko zinegotziak dimisioa emango du irailaren 29an. Hala iragarri zuen ostiralean Arantza Gonzalezek, Gipuzkoako Ezker Anitza-IUko koordinatzaileak. Zabaldu duten oharrean, Aitzole Araneta EPren bozeramailea egin dute erabakiaren erantzule: Garairi jazarri izana egotzi diote, baita haren aurka «indarkeria fisikoa zein hitzezkoa» erabiltzea ere. Ezker Anitzak irmoki gaitzetsi du Aranetaren jokabidea.

«Gure kidearen ongizateari eman diogu lehentasuna, ezin ditugulako onartu jazarpena eta indarkeria, ez politikan, ezta bizitzako gainontzeko arloetan ere», idatzi dute. Alderdiaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritzak aho batez hartu du erabakia.

Haien arabera, Aranetaren jarrerak ez du bat egiten defendatzen dituen balioekin, eta kargu politikoak izateko eragozpena da hori.

Atzo, ordea, salaketa guztiak ukatu zituen Aranetak Twitterren. Garairen erabakia errespetatzen zuela idatzi zuen, baina ez zuela arrazoien berri: «Niri egindako salaketa larriak gezurtatu nahi ditut, eta zuzenketa eskatuko dut. Difamazio ekintza hori bertan behera uzteko neurri egokiak ere hartuko ditut», idatzi zuen.

Elkarrekin Podemosek adierazi duenez, berriz, hedabideen bidez izan dute Garairen dimisioaren berri. Dena den, aitortu dute jakina zela Garairen eta Aranetaren arteko harreman pertsonala eta profesionala «tirabiratsua» zela; horregatik, bi alderdiek denbora zeramaten bitartekari lanak egiten eta harremanak hobetzeko ahaleginetan.

Dena den, Europa Press berri agentziari egindako adierazpenetan, salatu dute Aranetaren aurkako salaketak «muturrekoak» direla, eta epaitegiak direla horiek aurkezteko lekua, ez hedabideak.

Ezker Anitzak, berriz, Donostiako Udalean egindako lana eskertu dio Garairi, eta harekin politika egiten jarraituko dutela azpimarratu. Ez dute argitu nola beteko duten hark udalean utzitako hutsunea.

Hiru ordezkari

Elkarrekin Podemosen taldeak hiru zinegotzi ditu Donostian: Podemoseko Araneta eta Marta Huarte, eta Ezker Anitza-IUko Garai. Lehendik ere jakina zen haien arteko harremana ez zela ona. Udalaren 2021. urteko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketek, adibidez, Aranetaren eta Huarteren aldeko botoa jaso zuten, baina ez Garairena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.