ETB

Euskarazko 'Conquis', hilaren 27an

Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko dute ETB1eko reality berria: Naufragoak. Saioaren promozio kanpainan, EITBk botila erraldoi bat jarri du Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Iñigo Vicens eta Lur Errekondo aurkezleak. ETB
urtzi urkizu
2022ko irailaren 7a
13:37
Entzun

EITBk Naufragoak abentura reality berria aurkeztu du gaur, Gasteizko FesTVal telebista jaialdian. Lur Errekondok eta Iñigo Vicensek aurkeztuko duten saioa berria: Karibe itsasoan galdu ondoren, bizirik irauteko erronka gogorrei aurre egin beharko diete lehiakideek. El Conquistador del Caribe saio arrakastatsuaren sortzaileek egin dute programa —Hostoil Produkzioak da ekoiztetxea—.

Gaur, 19:30ean, saioaren aurrestreinaldia egingo dute Gasteizko Principal antzokian, eta han bilduko dira abentura berrian parte hartuko duten protagonistak: lantaldea eta lehiakideak.

Saioaren promozio kanpainaren barruan, EITBk botila erraldoi bat jarri du Andre Maria Zuriaren plazan, eta bertaratzen diren guztiak naufragoen botilarekin argazki bat egitera gonbidatuko ditu. Argazkiak Instagramera igotzen dituzten guztien artean, bi pertsonentzako 1.000 euroko bidaia zozkatuko dute. Gaur da parte hartzeko azken eguna.

Naufragoak saioa hilaren 27an estreinatuko du ETB1ek. Kariben girotutako abentura ikusgarrian, zazpi bikotek eta bikoterik gabe parte hartuko duten lau lehiakidek beren bizitzako erronka gogorrenari aurre egin beharko diote itsasoan galdu ondoren. ETBko arduradunen arabera, Karibe itsasoak paradisuzko harea zuridun hondartzak ekartzen ditu gogora, baina urakanez eta arriskuz beteriko itsasoa da. Ur bero eta arriskutsu horietan dauden zazpi uhartetan, Kariben galdutako protagonistek bizirik irauteko joko eta proba gogorrei aurre egin beharko diete.

Euskal Telebistan sekula egin ez den programa horren gidaritzan, bi aurpegi berri arituko dira: Lur Errekondo eta Iñigo Vicens. Saioa asteartetan izango da ikusgai ETB1en eta Eitb.eus-en, baina astelehen, astearte eta asteazkenetan, 15 minutuko saio bereziak emango dituzte eguerdiko albistegiaren ondoren, eta unean uneko informazioa eta material esklusiboa bilduko dute bi aurkezleek. Halaber, reality berriak tarte berezia izango du Biba zuek! saioan.

Bestalde, Naufragoak saioak presentzia nabarmena izango du sare sozialetan. Izaro Bereziartuak eduki bereziekin beteko ditu Twitter, Instagram, Tiktok eta Eitb.eus-eko kontuak, abenturak aurrera egin ahala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.