Enplegua
Frantziak gogortu egin nahi ditu langabezia saria jasotzeko baldintzak
Emmanuel Macronen gobernuak saria jasotzeko lan egin beharreko hilabeteen kopurua eta saria jasotzeko aldia aldatu nahi izatea nahi du ekonomiaren egoeraren arabera. Sindikatu guztiak daude kontra.

Emmanuel Macronen bigarren bosturtekoan lehen erreforma handia izango dena gaur jarri da abian, langabezia aseguruaren modulaziorako proposamena onartu duenean Ministroen Kontseiluak. Eta eztabaida handia izango da haren inguruan, sindikatu guztiak baitaude kontra.
Berez, erreforma aurreko 2019ko erreforma jasotako neurriekin jarraitzera dator, urriaren 31n iraungitzen baitira; berritu behar dira, besteak beste, gaur egun saria jasotzen duten langabeentzako baldintzak, eta baita kontratu laburren gehiegizko erabilpena egiten duten enpresentzako bonus malus sistema.
Baina luzapen horiekin batera, langabezia saria jasotzeko baldintzak gogortzen dituen aldaketak egin nahi ditu Gobernuak. Olivier Dussopt Lan ministroaren arabera, «eramanezina delako %7,4ko langabeziarekin jarraitzea, eta aldi berean enpresetako buruzagiei jendea kontratatzeko zailtasunak dituztela entzutea». Beste behin, ministroak adierazi du Gobernuaren helburua dela 2027rako %5eko langabezia tasa izatea, hots, enplegu betea deritzona.
Lanpostuak betetzeko zailtasunak dituzten enpresaburuen arazoa konpontzera letorke langabezia prestazioaren modulazioa, Macronen hitzetan sarien sistema «zorrotzagoa izateko bete gabeko lanpostu asko daudenean, eskuzabalagoa langabezia handia denean».
Baldintza aldagarriak
Funtsean, Gobernuak nahi du egoera ekonomikoa «ona» denean gehiago izatea langabezia sarirako eskubidea izateko lan egin beharreko hilabeteak -orain sei hilabete egin behar dira lan azken 24 hilabeteetatik-; eta langabezia saria jasotzen den aldia murriztea. Egoera ekonomiko txarrean, baldintzak leundu egingo lirateke.
Berez orain gobernuak sindikatuei eta patronalei dei egingo beharko lieke modulazioa negoziatzeko. Negoziatzeko leudeke egoera ekonomiko ona edo txarra definitzeko irizpideak (adibidez langabezia tasa) zeintzuen arabera igo edo jaitsi beharko liratekeen.
Baina negoziazioaren bideak itxita dirudi. Medef patronaleko presidenteak Geoffroy Roux de Bezieux-ek hori uste du behintzat: «Alferrik da negoziazio bat zabaltzea, ez duelako arrakastarik izango, ez dagoelako diagnostiko konpartiturik sindikatuekin».
Ikusita erantzuna zein izango zen Gobernuak berak erabaki du ez duela negoziazioak irekitzea eskatuko eta kontsultarako deia egitera mugatuko da. Macronen gobernuak 2023ko hasierarako nahi du modulazioa indarrean.
Baina sindikatu guztiak kontra ditu neurriak. CFDTko idazkari nagusi Laurent Bergerek arrazoiak esplikatu ditu Le Monde egunkarian. «Ez du zentzurik, ideologia hutsa da eta ez da eraginkorra. Ez dugu hori negoziatuko. Enplegu betea lortzeko langabeen eskubideak murriztu behar direla esaten zaigu? Ez da egia. Enplegu betea formakuntza da, lan bila dabiltzanentzat sustengua, eta kalitatezko enpleguen garapena».
Erantzun bateratua
Frantziako sindikatu nagusiek (CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC) eta beste hainbat erakundek bilera egin zuten astelehen gauean erreformaren kontrako testu bat adosteko, eta testua datozen egunetan argitaratuko dute.
Intersindikala biltzen den hirugarren aldia da -beste bilkura bana egin zituzten ekain bukaeran eta uztail erdian. Eta orain, urriaren hasieran beste bilera bat egingo dute, gaia nola doan ikusi eta balantze bat egiteko. CGTko Celin Verzelettik laburbildu du zergatik: «Egoera izugarri larria da, eta dugu ikasturte hasiera hau ohikoak bezala ulertzen». Frantzia Intsumisoa ere erreformaren kontra dago, eta CGTrekin protesta egun bateratua egiteko elkarrizketetan dabil.
Urriaren 3an ere hizpide izango da Gobernuaren proposamena, hura Asanblea Nazionalean eztabaidatuko baita.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.