Gogotsu hartu du jendeak euskal jaiaren itzulera Zarautzen

Kaleak bete dituzte herritarrek: erromeria egin dute, Musika plazan eta Lege Zaharren plazan. Alproja antzerki taldeak '2x2' antzezlana egin du, Munoan.

Kioskoaren inguruan dantzan ibili da jendea, Musika Plazako erromerian. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
2022ko irailaren 9a
15:34
Entzun

Ohiko itxura hartu du Euskal Jai Egunak Zarautzen (Gipuzkoa), bi urteren ostean. Baserritarren jantziak soinean atera da jendea kalera, eta musikak hartu ditu kaleak goizean goizetik. Jai eguna izanik, jendez bete dira kaleak. Diana egin dute lehenik, eta Goiztarrak taldea irten da gero, garai bateko pertsonak irudikatzera. Ondoren, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak ibili dira kaleak girotzen. Eguerdian hasi da erromeria, Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan: kioskoaren inguruan ibili da dantzan jendea.

Eguerdian hasi da, baita ere, Alproja antzerki taldearen 2x2 antzezlana. Kaleetan barrena ibili ondoren, txistulariek lagunduta iritsi dira Munoara, eta oholtzara igo dira antzezleak, plaza bete duten ikusleen aurrean antzerkia egiteko. Zarauzko trenbidean egindako lanak izan dituzte hizpide antzezlanean: herrian trenari beste errei bat gehitzeko egindako lanak kritikatu dituzte, umorez eta ironiaz betetako emanaldian.

Antzerkiaren ondoren ere, erromeriarekin jarraitu dute: Munoan Trikiteens taldeak jo du. Frontoi Txikin, berriz, polka herrikoia egin dute, Herri Mugimenduak antolatuta. Musika plazan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dantzatu dute dultzaineroekin, 14:00etatik aurrera. Festarekin jarraituko dute arratsaldean ere.

Karroza, bueltan

Aurten, aspaldiko partez, karroza handi bat egon da ikusgai kalean: Jose Luis Lasa eskultoreak ekoitzi du lana. Bale bat dauka erdian, eta sareak inguruan: Zarauzko balea arrantzaleei omenaldia egin nahi izan die Lasak. Herriko hainbat kaletan ibili da karroza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.